Sare sozialen bitartez jakinarazi dutenez, Zaharraz Harro jai batzordeko kideek auzokideentzat espazio bat "berreskuratu" dutela ohartarazi dute. Hain zuzen Eskoriatza Eskibel jauregiaren aurrealdean kokatutako parkea garbitu eta atondu egin dute auzolanean.
Lorategia 2013an inauguratu zen eta, ordura arte, harresiaren atzean ezkutatuta zegoen sasiz betetako lorategi bat herritarren gozamenerako erabilgarri jarri zuen Udalak.
Harrera ona egin zioten bizilagunek espazio berriari, baina duela hiru urte, Gasteizko Udalak Kafe Antzokia Eskoriatza Eskibel jauregian kokatzeko proposamena aurkeztu ostean, fuel-olio tanke batzuk aurkitu ziren parkean bertan, eta orduz geroztik itxita egon da herritarrentzat.
Auzoko jaiak aitzaki hartuta, herritarrek beharrezko duten espazio bat berreskuratzen dutela aldarrikatu nahi izan dute Zaharraz Harro ekimeneko kideek. "Birika txiki bat da bizilagunentzat. Airea ematen digu, bertan baitaude auzoak dituen espazio ireki bakarrak", eta zegozkion garbiketa eta egokitzapen lanak egin ondoren, gaurko egunez antolatu dituzte bertan jaietako egitarauan txertatutako zenbait ekintza.