SDA Factory enpresan ezarritako murrizketen aurrean langileek abiatutako mobilizazioen testuinguruan —besteak beste, soldatak erdira murriztuko dira—, astearte honetan, enpresa batzordeak agerraldia egin du Gasteizko Udaleko Garapen Ekonomikoko Batzordean. Udaletxearen aurrean langileek elkarretaratzea egin duten bitartean, beren ordezkariek azaldu dute plantillak bizi duen egoera B&B Trends taldeak plantxa-fabrika eta lisatze-zentroak erosi zituenetik.
Salatu dutenez, enpresa taldearen asmoa "eskubide eta lan baldintza duinak zituen fabrika bat deuseztatu eta beste bat sortzea da, non prekarietatea erreferentzia bakarra izango den".
Izan ere, uztailean Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea (ABLEE) ezarri zuen zuzendaritzak. Ondoren, iraila bukaeran, hitzarmen kolektiboa aplikatzeari utzi eta metalaren estatuko hitzarmena aplikatzen hasi zen; horren ondorioz, besteak beste, soldatak erdira murriztuko dira.
Egoera horren aurrean, udal taldeei "kalitatezko enpleguaren eta etorkizunaren defentsan" inplikatzeko eskatu diete langileen ordezkariek. "Aurrean Gasteizko lantegitik dibidenduetan 12 milioi euro baino gehiago eraman dituen talde bat dago; horrez gain, beste 10 milioi inguru jaso ditu bertatik mailegu eta zerbitzuen bidez".
"Deskapitalizazio horri gehitu behar zaizkio: subrogatutako langileak kontratazio berriekin ordezteko enpresaren estrategia, soldata eskala bikoitza aplikatuta; eta enpresaren narriadura bera, ia inbertsiorik ez baitu egin, eta funtsezkoak ziren 35 pertsonek alde egin baitute, itxuraz proiektuarekiko konfiantza faltak bultzatuta", salatu dute. Hori dela eta, langileen batzordeak eskatu du erakundeek "konpromisoa har dezatela industria proiektuaren bideragarritasuna egiaztatzeko, taldearen sinesgarritasunik eza agerikoa baita".
Azkenik, Gorka Urtaran alkatearen inplikazioa exijitu dute. "Joan den urtean, koronabirusaren aurkako plantxa zela eta, enpresa bisitatu zuen eta zuzendaritzak egin zion harrera, baina ezin izan zuen enpresa batzordea hartu, beste ikuspuntu hori ezagutzeko", deitoratu dute.