SDA Factoryko langileak murrizketen aurrean mobilizatuko dira

Erredakzioa 2021ko urr. 7a, 14:10

SDA Factoryko langileen elkarretaratzea, Gasteizko lantegiaren aurrean. / LAB

Metalaren estatuko hitzarmena aplikatzen hasi da SDA Factory enpresa; besteak beste, soldatak erdira murriztuko dira. Langileek mobilizazioak iragarri dituzte, eta enpresa batzordeak harremanak egingo ditu talde politikoekin eta erakundeekin.

SDA Factory (Ufesa) enpresako langileak borrokan daude. Ikasturte berria hasi zenetik, hainbat mobilizazio egin dituzte Gasteizko fabrikan bizi duten "egoera larria" salatzeko. EAJ, EH Bildu eta PP alderdietako ordezkariekin ere izan dira harremanetan.

Salatu dutenez, "agertoki arriskutsu" baten eta "etorkizunaren galera" baten aurrean daude, enpresaren jabe B&B Trends taldearen "kudeaketa ez-eraginkorraren" ondorioz, "BSH Boschekin lankidetzan emandako bi urte eta erdi hauek onura eskandalagarriak ekarri dizkieten arren".

Fabrika ixtea "aukera oso posiblea" dela uste dute, eta, horren aurrean, "enplegu duina eta etorkizuna" eskatu dute langileentzat.

Gutxienez datozen sei hilabeteetan, Aldi Baterako Lan Erregulazioan egongo dira. Testuinguru horretan, joan den ostegunean, indarrean dagoen hitzarmena aplikatzeari utzi eta metalaren estatuko hitzarmena aplikatzen hasteko aldebakarreko erabakia jakinarazi zion zuzendaritzak enpresa batzordeari; horren ondorioz, besteak beste, soldatak erdira murriztuko dira: "Ur hotzeko pitxer izugarri bat da, plantillari geratzen zitzaizkion etorkizunerako itxaropen urrien aurrean", deitoratu dute.

Langileen ordezkariek hainbat dei egin dizkiote zuzendaritzari akordio bat lortzeko eta horrelako erabakiak alde batera uzteko. Hala ere, ez ditu bere eskaerak entzun: "Benetako gerra-deklarazioa da; ez dago halako erabaki handi bat merezi duen arrazoi organizatibo, tekniko edo ekonomikorik", kritikatu dute. "Elkarrizketa arbuiatu dute, bi aldeek topo egin ahal izateko ezinbesteko elementua. Xantaia egiteko autoritarismo erakustaldia baino ez da".

Mobilizazioak

Horren guztiaren aurrean, ostegun honetan egindako batzar batean, SDA Factoryko langileek adostu dute mobilizazioak areagotzea, "eskubide duinak dituen fabrika bat prekarietatea erabatekoa den beste lantegi bat bihur ez dadin". Oraingoz, langileen asanbladak eta elkarretaratzeak iragarri dituzte, baita giza-kate bat Gasteizko erdialdetik, urriaren 21ean, 12:00etan; hala ere, mobilizazio gehiago deituko dituzte datozen egunetan.

Mobilizazioekin batera, enpresa batzordeak bilera sorta bat egiten jarraituko du alderdi politikoekin eta erakundeekin, haien babesa lortzeko. Oraingoz, joan den astelehenean Industria Sailarekin bildu ziren: "Interes handiz entzun ziguten arren, desengainua hartu dugu, EAJk berak aukera egingarri gisa helarazi zizkigun ideiak alferrikakoak direla ikusita", azaldu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago