Gasteizko Udalak aho batez gaitzetsi du, Batan auzoan, igandean goizaldean, emakume batek hainbat gizonen aldetik jasandako erasoa, eta dei egin die herritarrei indarkeria matxistaren ekintza berri hori salatzeko eta antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko. "Gasteizko Udaletik adierazi nahi dugu erasoa irmotasunez gaitzesten dugula eta haren aurka gaudela". Horrez gain, biktima eta bere inguruari laguntza osoa eskaini nahi dio Udalak, "eta jakitera eman nahi diogu gertu izango gaituela eta bere esku jarriko ditugula behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak".
Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta hari aurre egiteko protokoloa aktibatu du kasuaren berri izan eta haren ikuspegirik osoena eta zehatzena izateko aukera eman duen informazioa egiaztatu bezain azkar. Jarraian, bilera baterako dei egin du, informazio guztia biltzeko eta erantzun instituzionala zein biktimarentzako eta haren inguruarentzako arreta koordinatzeko.
"Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxistak giza eskubideak larritasunez hausten dituela eta garrantzi handiko arazoa dela indarkeria jasaten duten emakumeen duintasunari eta osotasun fisikoari eta moralari eraso egiten diena, erailketa matxista matxismo horren adierazpen larriena izanik. Indarkeria hori ez dute ekintza isolatu batzuek osatzen; gure gizartea osatzen duten jokabide esplizituz, mezu sexistez eta sinboloez osatutako sare bat da, eta emakumeak gizonen mende mantentzea eta indarrean den sistema hetereopatriarkalak finkatutako mugak hausten dituen gorpurik, eredurik edo jokabiderik ez onartzea helburu du".
Hortaz, Udalak bat egin du mugimendu feministak deitu dituen gaitzespen-ekintza guztiekin eta gonbitea luzatu die herritar guztiei horietan parte hartzeko. Halaber, bat egin du Gure Batan auzo elkarteak eta biktimaren bizilagunek deitutako elkarretaratzearekin; astelehen honetako 20:00etan egin dute, Batan pasealekuaren eta Nieves Cano kalearen arteko izkinan.