Bizi garen errealitatean zaila egiten zaigu pantaila batetik urrunduta egotea. Etengabeko irudi gaindosiek mundua begiratzeko modua mugatu eta gure pentsamenduaren oinarrizko elementuak osatzen dituzte. Irudien soinu beldurgarri honen atzean, argazkilaritza adierazpenerako zein manipulaziorako baliabide zoragarri bilakatu da.
"Analogikoan buruan irudiak sortzeko gaitasuna garatzen duzu; digitalean ez"
NAHIKARI MORA
Behin eta berriro jasaten dugun irudi zaparrada honen aurrean, Haz izeneko mugimendu bisualerako laborategia aurkeztu berri dute Nahikari Mora (Gasteiz, 1982) irudi bidezko sortzaileak eta Clara Sanchez (Madril, 1983) ikus-entzunezko ondarean adituak. Bien ustez, irudia da gaur egungo adierazpen tresna, baina gehiegizko kontsumoaren arazoa lengoaia berri hau ulertzen ez dugula da. Alfabetatze bisualaren kontzeptua azaleratu du Morak. Haren ustez, "jendea ez da kontziente irudi batek izan dezakeen indarraz, ezta manipulatzeko duen gaitasunaz". Horrekin batera, Yolanda Dominguez artista bisual madrildarrak erabiltzen duen irudian eta bere ikuspuntu kritiko eta feministan hezitzearen ideia ekarri du gogora.
Bai Mora eta bai Sanchez irudi mordoa egotearen alde ageri dira, izakiok komunikatzeko baliatzen dugun bitartekaria baita, baina jartzen diogun atentzio urriak ikaratzen ditu. Ideia hori garatuz, Sanchezek honako ideia hau zabaldu du: "Liluragarria da dugun irudi eskaintza zabala, baina bertatik hoberena ateratzen ahalegindu behar gara. Hala ere, faltan botatzen dut norberak bere irudi propioa azaleratzea".
Kooperatiba
Gasteizko Palentzia kalean kokatutako irabazi-asmorik gabeko kooperatiba berri honek aipatutako irudiaren lengoaia ulertzeko gaitasuna garatzea du helburu, beti ere kontaketak ulertzeko eta kontatzeko gizarteak ezartzen dizkigun parametroetatik kanpo. "Ez gara ohartzen, baina gauzak nola kontatu behar ditugun esaten digute. Libre sentitzen gara, baina gezurra da; gizarteak eman nahi izan digun askatasuna besterik ez dugu".
Ikuspegi kritikoarekin batera, sormena sustatzea da haien beste xedeetako bat. Zinea eta argazkilaritza dute oinarri bi ekintzaileek, eta iraganari, orainari eta etorkizunari arreta berezia jartzen diote. Materiala berreskuratu, materiala sortu eta, beti ere, biharko egunean material horrekin zer gertatuko den ikuspuntua hedatu nahi dute.
Materialen birziklapena eta berrerabilera da proiektu honen beste bereizgarrietako bat. Gauzen bizia luzatzen eta ahalik eta hondakin gutxien sortzen ahalegintzen dira. Ekonomia zirkularra, plataforman oinarritutako ekonomia eta ekonomia soziala dira haien hiru balore nagusiak, beti ere genero ikuspegia zehar-lerro izanda.
Laborategia
"Jendeak ikusi egiten du begiratu gabe"
CLARA SANCHEZ
Ekonomia soziala ardatz nagusi duen laborategi honetan, argazkien errebelazioa, karretedun argazki kamera analogikoa eta zure argazki propioak eskuratzeko prozesu guztia egin daiteke. Ukigarriena den praktika horretaz gain, argazkiak edo zinea partekatzeko saioak eskaintzen dituzte, bai teknikaren, bai edukiaren ikuspegitik.
"Guk objektuen historia ezagutzen dugu, hots, nola sortu diren, nola mantentzen diren, eta nola hondatzen diren", azaldu du Morak. "Hori dela eta, emanaldiak guk dakigunaren eta jendearen interesen arteko nahasketa bihurtzen dira. Izan ere, guk materialen inguruko historia teknikoa ezagutzen dugu, baina gerturatzen direnek haien istorio pertsonala dute, eta interesgarria dena ez da bakarrik objektua bera berreskuratzea, baizik eta gure memoria kolektiboa berreskuratzea ere; eta hori bilatzen dugu".
Berreskurapenaren ildotik jarraituz, Morak eta Sanchezek zerbitzu estandarrak ere eskaintzen dituzte, hau da, digitalizatzeko ekipamendua dute eta, beraz, argazkiak, negatiboak edo pelikulak analogikotik digitalera pasatzeko aukera ere eskaintzen dute, beste edozein argazki dendak bezala.
Aspektu horri lotuta, atomizazioaren adibidea jarri dute: "Gurearen antzekoa den merkatua egon badago, baina atomizatuta dago, hots, bakoitzak gauza bat egiten du. Guk, aldiz, espazio bat eskaintzen dugu non kate guztia bertan egin daitekeen", azaldu du Nahikari Morak.
Analogikoa, zergatik?
Musika biniloetan entzuteak bezala, agerikoa da argazki analogikoek azkenengo urteetan izan duten gorakada. Irudi digitalak eskaintzen duenarekiko jarrera kontrajarriak, moldaketa faltak eta, azken finean, hain frenetikoa ez den bizitza batera gerturatzeak erakartzen gaitu.
Egia da argazki muntaketak eta moldaketak argazkilaritzaren bereizgarri bat izan direla betidanik, baina ez da berdina zure mugikorretik argazki bati filtro bat jartzea edo laborategi batean argazki baten koloreak aldatzea. "Instagramen gustatzen zaizun filtroa jartzen duzu, baina momentu horretan ez duzu ulertzen zergatik jartzen diozun kontraste edo saturazio gehiago. Analogikoan, aldiz, zure eskuekin egiten duzu aldaketa hori, eta, horretarako, lehenengo, nahi duzuna ikuskatu behar duzu".
Adibidez, analogikoan, lehenik eta behin pelikula bat aukeratzen duzu, eta momentu horretan bertan jada zuri beltzezko argazki bat nahi duzun edo ez aukeratzen ari zara. Erabakiak argazkia atera baino aurretikoak dira. Digitalean, aldiz, lehenengo irudia duzu eta gero hasten zara erabakiak hartzen, jada baduzun irudi horren gainean.
"Analogikoan garatzen dena ikuskatzeko gaitasuna da, hau da, buruan irudiak sortzeko gaitasuna garatzen duzu; digitalean ez", laburbildu du Morak.
Formakuntza eta beste jarduerak
"Photoshop-a laborategi digital bat besterik ez da"
NAHIKARI MORA
Eskola bezala ere jarduten dute, oinarrizko tekniken formakuntza konbentzionalarekin. Hala ere, ezagutza tekniko horietatik haratago, sorkuntzan eta artean murgiltzeko tresnak transmititzen dituzte. Bereziki, azkenengo ideia hori da proiektuaren bereizgarria: "Ez da egiten duguna, baizik eta nola egiten dugun".
"Teknika jakitea ezinbestekoa da, hau da, arauak ezagutu behar dira, baina gero zuk erabakitzen duzu nola erabili nahi dituzun", azpimarratu dute. Hain zuzen ere, horretarako, esperimentatzeko eta ezagutzen diren teknika horiek lehertarazteko baliatu nahi dute Haz espazioa.
Instituzioen kasuan, aldiz, beste proiektu globalagoak proposatzen dituzte, hala nola, aurretiazko ikerketa lana daramaten digitalizazio osatuagoak. Kasu horietan, xede nagusia "kontserbazio lanek ahalik eta denbora luzeenean zentzurik handiena izatea da, eta, aldi berean, kolekzioa hobeki ezagutzea eta bizitza pixka bat ematea". Kudeaketa kulturalaren arloan ere mugitzen dira Sanchez eta Mora.
Erakusketak, zinema zirkuluak eta berreskuratze proiektuak prestatzen dituzte, beti ere ikus-entzunezko eremu maskulinizatuan emakumeek egiten duten lanari beharrezko balioa emanez.
Lehen urratsak
Proposamen ezberdin bezain interesgarria proposatzen duen bikote honek ez zuen haren ibilbidea zerotik abiarazi, nahiz eta guztiz berria izan espazioari dagokionez. Oraingoan, mugimendua sortzea eta mantentzea lortu nahi dute, Haz espazioa bera autogestionatzeko, gastuak estali eta, gainera, kooperatibara beste ikuspegi batzuk eransten dituen jende berria gehitzeko. Finean, Haz mugimendu bisualerako laborategia Sanchez eta Moraren begiek eta bizipen gustukoenen batura bat da, baina haien pertsonara eta Gasteizko hirira moldatuta. Sumatzen zuten hutsune bat betetzeko espazio berri baten aukera.
Lehen mugarria duela hilabete jarri zuten, irailaren 20an, Palentzia kaleko lokalaren inaugurazio jaialdiarekin. Azken asteetan, eguneroko lanarekin batera, jarduera eta ikastaro ugari antolatu dituzte.
Datozen egunetan ere, hitzorduz beterik izango da espazioa: urriaren 30ean, Madd Moda izango dute artista gonbidatu gisa; azaroaren 6an, Genoma dokumentala aurkeztuko dute; eta azaroaren 13an, Monotipia Botanikoak izango dituzte aztergai, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren (CEA) eskutik. Halaber, jarduera eta hitzordu guztien inguruko informazioa Facebook eta Instagram sare sozialen bitartez eskaintzen dute.