Indarkeria matxistak beste emakume bat hil du. El Correo egunkariak argitaratu duenez, astearte goizean Ertzaintzak Erika Tavares emakumearen eta bere senarraren gorpuak aurkitu ditu, beren bi semeekin —13 eta 17 urtekoak— partekatzen zuten etxebizitzan, Sansomendi auzoko Antonio Machado kalean. Semeetako batek aurkitu ditu gorpuak, eta horren berri eman dio Larrialdi Zerbitzuari.
7:20ak aldera, 37 urteko emakumea labankadaz hil eta gero, ustezko egileak —42 urtekoa— bere buruaz beste egin du.
Bikotea banatzeko izapide prozesuan murgilduta zegoen. Antza denez, eztabaida bat piztu da haien artean, eta testuinguru horretan gertatu da krimena.
Ertzaintzako agenteak etxebizitzara sartu direnean, korridorean topatu dute biktimaren gorpua; lepoa moztuta zeukan. Ustezko hiltzailea bizirik aurkitu dute, baina labana bat zeukan bularrean sartuta; bertaratutako larrialdi zerbitzuak bere bizitza salbatzen saiatu diren arren, handik gutxira hil egin da.
Une honetan, Emakumearen aurkako Indarkeriaren Gasteizko Epaitegiak gidatutako ikerketa zabalik dago, gertatutakoa argitzen saiatzeko. Oraingoz, Ertzaintzak ingurua hesitu du, eta hipotesi nagusia hilketa matxista bat izan dela da.
Mobilizazioak
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta udal taldeek beren gaitzespena adierazi dute. Gasteizko Udalak hamabost minutuko elkarretaratze bateratua deitu du asteazkenerako, 12:00etan Plaza Berrian, Gasteiz: eraso matxisten aurka! lelopean. Bertan izango dira, besteak beste, Beatriz Artolazabal Lakuako Gobernuko Berdintasun sailburua eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria. Gainera, Udaleko Bozeramaileen Batzordea goizean bildu da, eta hilketa matxista salatzeko erakunde adierazpena adostu du.
Vitoria-Gasteiz, eraso matxisten aurka pic.twitter.com/gE24lkTEus
— Vitoria-Gasteiz! (@vitoriagasteiz) October 13, 2021
Oso atsekabetuta Sansomendin gertatutakoarekin. Irmotasunez gaitzesten dut emakumeak hiltzen dituen eta umeen eta hurbileko beste senide eta lagunen bizitza suntsitzen duen indarkeria matxistako gertaera hau. Nire elkartasuna eta babesa krimen matxista honen biktima guztiei.
— Gorka Urtaran Agirre (@gorka__urtaran) October 12, 2021
Euskal Herriko mugimendu feministak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatu du eta, beraz, datozen egunetan hilketa matxista salatzeko mobilizazioak izango dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean: urriaren 13an, asteazkenean, 19:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Amurrioko plazan; eta urriaren 14an, ostegunean, Bilbon (19:00etan Arriaga plazan), Donostian (19:00etan Bulebarrean) eta Iruñean (20:00etan Udaletxe plazan).
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.