Emakumeen Etxeak ikasturte berriari ekin dio jada, Jabetze Feministarako Eskolarekin. Etxanobe Jauregian kokatutako eta Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzua aldi baterako kudeatzen ari den espazioak, besteak beste, hitzaldiak, arte eszenikoak, proiekzioak, irakurle klubak, ikastaroak, lantegiak eta haurrentzako zein gazteentzako jarduerak eskainiko ditu datozen hilabeteetan.
Lehen jarduera batzuk egin dira dagoeneko, eta ikasturtea hitzorduz beterik dator. Aurten, gainera, euskarazko programazioa zabaltzeko ahalegin berezia egin dute. Horien artean, urrian antolatutako bi jarduera nabarmendu nahi izan dute Emakumeen Etxeko sustatzaileek.
Nire gorputza gudu-zelai bat da
"Posible al da feminista izatea eta konplexuak edukitzea? Uko egin al diezaiekegu edertasun-kanon matxistei eta, hala ere, ziurgabetasunekin jarraitu? Nahikoa al da neure burua maitatzea? Eta zer gertatzen da nire gorputza osasun arazo bat dela sentitzen badut?". Lantegi honetan, gai horiei buruz hausnartzen saiatuko dira, besteak beste, gorputz-bizipena landuz edertasun-kanonei, dietaren kulturari eta lodifobiari dagokienez. "Erresistentzia tresna berriak bilatzen ahaleginduko gara", azpimarratu dute.
Lantegi honen trebatzailea Irati Garcia izango da, ikertzaile independentea, emakume lodia eta feminista. Ostegunetan egingo da, 17:30etik 20:00etara, zortzi saiotan: urriaren 14an, azaroaren 4an, abenduaren 9an, urtarrilaren 13an, otsailaren 3an, martxoaren 10ean, apirilaren 7an eta maiatzaren 5ean.
- Izena emateko: https://labur.eus/lJR4l
Gorputzak patriarkatuz gabetzea
Beste lantegi honetan, "gorputzez eta sexualitateaz (bir)jabetzea" proposatuko da, "gorputzean bertan dauden jakituria eta plazera berreskuratuz, heteropatriarkatuak hainbat urtez desjabetu dizkigun ezagutzak eta jakintzak berreskuratzeko estrategia politiko gisa".
"Gure gorputzetan murgilduko gara, eta gorputzok desblokeatzen saiatu, bertan dauden altxorrak berreskuratzeko, gure sexualitatea eredu hegemonikoetatik askatzeko eta, halaber, askatasunetik eta gozamenetik berresteko, gure gorputzen eta bizitzen subiranotasuna eta autogestioa aldarri", azaldu dute antolatzaileek.
Trebatzailea Nora Ziarsolo Garate izango da, ikertzaile autonomoa. Heteropatriarkatuak emakumeen gorputzetan dituen eraginak aztertzen ditu, eta eragin horien ondorioak ikertzen, emakumeek beren buruarekin, gainerakoekin eta munduarekin duten harremanari dagokionez. Lantegi hau lau saiotan eskainiko da: urriaren 20an eta 27an, eta azaroaren 3an eta 10ean, 17:30etik 20:30era.
- Izena emateko: https://labur.eus/YrpSV