Etxanobe Jauregiko Emakumeen Etxea martxan da berriz ere. Berdintasun Zerbitzuko zinegotzi Miren Fernandez de Landak eta zerbitzuko buru Mireia Espiauk Jabetze Feministarako Eskolaren ikasturte berriaren aurkezpenean azaldu dutenez, aurrerantzean, Gasteizko Emakumeen Etxeak presentzia handiagoa izango du sare sozialetan.
Irudia eta webgunea berritzeaz gain, Jabetze Feministarako Eskolak —Emakumeen Etxearen prestakuntza proiektua— datorren asteazkenean, irailaren 29an, abiaraziko du ikasturtea, Hegoalde gizarte etxeko Jesus Ibañez de Matauko antzokian. Bertan, inaugurazio ekitaldi gisa, arrazakeriari eta emakume beltzen sexualitateari zein identitateari buruzko komedia dramatiko bat eskainiko dute: Silvia Albert aktorearen No es país para negras ikuskizuna. Oraindik bada lekurik, edukiera handitu baita Covid-19aren aurkako neurri berriak direla eta.
Hamarkada bat jabetze feministan
Jabetze Feministarako Eskolaren proiektuak hamarkada batetik gorako ibilbidea du. Emakumeen Etxea duela bi urte ireki zen, eta Sorginenea elkarteak abiarazi eta kudeatu zuen lehenengo hamahiru hilabeteetan —"prozesu luzean lagundu duten emakume guztiei" eskerrak eman dizkie zinegotziak—. Orain, bi egitasmoek bat egin dute.
"Eskola Emakumeen Etxean txertatzen da, haren prestakuntza proiektu gisa. Gainera, ahalduntze kolektiborako prozesuak sustatzen dituzten ekimenak hartzen ditu Etxeak, emakumeak beren intereseko gaien inguruan antolatu daitezen eta beren boterea handitu dezaten; alegia, baliabide material eta sinbolikoen erabilera eta kontrola bereganatu dezaten", azpimarratu du Fernandez de Landak.
Irudi berria, etapa berria
Ikasturte berriarekin batera, Emakumeen Etxeak logo berria ere estreinatuko du, proiektua emakumeak "ahalduntzerako espazio gisa" identifikatzeko: "Edukiontzia ez ezik edukia ere garrantzitsua baita", azpimarratu dute. "Etxearen siluetaren bitartez, espazioari berari egiten zaio erreferentzia: topaketarako espazio irekia. Ortzadarraren sinboloak edukiaren garrantzia sinbolizatzen du, kolektibitatea, aniztasuna eta mugimendua. Sinbolo feministaren bitartez, azkenik, proiektuaren indarra, oinarria eta helburu bera identifikatzen ditugu", azaldu dute.
Irudia berritzeaz gain, Emakumeen Etxeak webgunea eguneratu du, Udalaren webgunearen barruan. Bertan ikusgai izango dira proiektuari buruzko informazioa, jardueren agenda, eskaintzen diren zerbitzuak, talde egonkorrak eta Jabetze Feministarako Eskolaren prestakuntza jarduerak, besteak beste.
Sare sozialei dagokienez, Emakumeen Etxeak presentzia izango du Instagramen, "sare sozialak tresna estrategikoa izan baitaitezke zabalkunde lanetan". Horren bitartez, feminismoaren inguruko eztabaidak eta gogoetak sustatu nahi dituzte, "ahalduntzeko beste tresna bat" izan daitekeen aldetik. Gainera, Emakumeen Etxea gazteengana hurbildu nahi dute horrela.