Arkamu eta Iturrietako proiektu eolikoen egoera argitzeko eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko urr. 8a, 12:05

Arkamu eta Iturrietako proiektu eolikoak bertan behera utzi ditu Jaurlaritzak. / PIXABAY

Eusko Jaurlaritzak Arkamu eta Iturrietako proiektu eolikoei uko egiteko asmoa iragarri ondoren, EH Bilduk bi zentral eolikoen izapidetze egoerari buruzko hainbat galdera erregistratu ditu Espainiako Kongresuan.

Irailaren 29an, Arkamu eta Iturrietako zentral eolikoei uko egiteko asmoa iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, bi proiektuek ez dituztelako ingurumen-baldintzak betetzen. Hala ere, Araban aurreikusitako bi parke eoliko handienak sustatzen dituen enpresa Aixeindar sozietatea dela gogorarazi du EH Bilduk, Eusko Jaurlaritzak Iberdrolarekin batera Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez parte hartzen duen arren.

Maiatzean alegazioak aurkezteko epea amaitu ostean, une honetan, Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren esku daude bi proiektuak eta baita alegazioak ere, ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk argitu nahi du ea Espainiako Gobernuak ote duen Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren berri eta Aixeindar enpresa sustatzailearen jakinarazpen ofizialik jaso ote duen izapidetzea geldiarazteko. Finean, bi proiektuen egoera administratiboa zein den argitu nahi du talde subiranistak.

Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduren Arabako diputatuak gogorarazi duenez, bere taldeak "hasieratik" salatu du energia berriztagarriak "desordenaturik" eta "plan argi bat izan gabe" hedatzen ari direla Araban. "Proiektu horiek babestutako eremuetan proiektatu dira, biodibertsitatean ondorio atzeraezinak dituzte eta ez dute gizartearen babesa", azpimarratu du.

"Eusko Jaurlaritzak, ordea, beste alde batera begiratu du, proiektu horiek bultzatzen jarraitu du, eta tramitazio administratiboaren erdian atzerapausoa eman du. Orain bai, proiektu horiek behin betiko baztertzea espero dugu", gaineratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago