Red Fanzine

'Menarkia', hilekoaren estigmen aurkako fanzinearen bigarren bolumena

Erredakzioa 2021ko urr. 7a, 18:41

2020ko urtarrilean, Red Fanzine eratu zuten hamabi emakume sortzailek. / RED FANZINE

Urriaren 16an argia ikusiko du Red Fanzinearen bigarren bolumenak: 300 ale, doan deskargatzeko bertsio digitala, erakusketa bat, aurkezpen jaialdia Candela tabernan eta, urriaren 29an, millennial mozorro festa Darkahead tabernan.

2020ko urtarrilean jaio zen Red Fanzine, hilekoaren estigmak apurtzeko lehergailu kulturala. Hilekoa normalizatzeko eta bere inguruko "estigma eta kondairak apurtzeko" asmoarekin, argitalpena sortu zuten orduan Gasteizko hamabi emakume sortzailek: Marta Barragan, Mercedes deBellard, Esti Agirre, Natalia Albeniz, Iratxe Gil, Dorleta Martinez de Aramaiona, Leire Erauzkin, Ainara Tavarez, Leire Lejarazu, Irati Baztarrika, Bildotsne Arrizabalaga eta Goiuri Barriga.

Pandemia oso bat igaro da ordutik, eta iritsi da Menarkia, fanzine gorriaren bigarren bolumena, behar bezala edo, gaztelaniaz egin duten hitz-jokoa baliatuz, "en toda regla", kaleratzeko momentua: hamabi emakumeek bat egin dute berriz ere, menarkiaren emakume baten lehen hilekoa inguruko monografiko bat osatzeko; prologoa, Hasta la Teta proiektuaren eskutik. "Modu sortzaile, aldarrikatzaile, didaktiko, kritiko edota gogoetatsuan", lehen odoljarioari buruzko beren ikuspegia eta esperientziak partekatu dituzte bertan.

 

"Beldurra, lotsa, nazka, lotsa, haserrea, erantzukizuna, segurtasunik eza, larritasuna, mina edo tristura sentitu zuten 2020ko udan inkesta batean parte hartu zuten 200 emakumek baino gehiagok. Onartezina da gure ziklo eta gorputzen lotsa eta ezjakintasuna sustatzen duen eredu hezitzaile eta komunikatibo estigmatizatzaile eta zapaltzailea betikotzen jarraitzea", kritikatu dute.

"Iragarkietan odolaren ordez likido urdina jartzen jarraitzen duten bitartean", fanzine ziklikoak autoeditatzen jarraitzeko arrazoiak "soberan" izango dituztela ohartarazi dute fanzinearen sortzaileek.

Hilekoa "prozesu naturala" dela aldarrikatu nahi dute, "eta ez lotsatzeko moduko zerbait". Hilekoaren zikloa "desmitifikatu eta mito, tabu eta estigmen kobazulotik" aterako duen hezkuntza aldarrikatzen dute, dugu. Horretarako, hilekoaren hezkuntza eta kultura eskola curriculumean sartzea eskatzen dute, baita autoezagutza —"autocoñocimiento", gaztelaniaz bultzatzea ere.

Aurkezpen jaialdia eta mozorro festa

Fanzinearekin batera, bi jaialdi antolatu dituzte urrian zehar. Urriaren 16an, larunbatean, 19:00etatik aurrera, argitalpenaren aurkezpena eta erakusketaren inaugurazioa izango da, Candela Tabernan, Judimendi auzoko Pepe Ubis plazan. Plateretan jaialdiari erritmoa jartzeaz Rachel Cooper eta Rebeca Allan Poe arduratuko dira, Sobria y Serena DJ set-arekin.

Egun horretan bertan, fanzinearen 300 aleak jarriko dituzte salgai; ordutik aurrera, Candela Tabernaz gain, Darkahead tabernan ere ikusi ahal izango da erakusketa. Gainera, deskarga libreko bertsio digital bat eskuragarri izango da www.redfanzine.es webgunean; lehen bolumena ere bertan topatu daiteke.

Bi aste beranduago, urriaren 29an, ostiralean, Errementari kaleko Darkahead tabernak millennial mozorro festa hartuko du. 1980tik 2000ra bitarteko musika arrakastatsuen soinuek girotuta, "izan ginen nerabe menarkikoak" gogoan izango dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago