Naiara Ortiz, Irene Larrimbe, Laura Durana, Natalia Albeniz, Iratxe Gil, Dorleta Martinez de Aramaiona, Rocio Lopez, Ainara Tavarez, Leire Lejarazu, Irati Baztarrika, Bildotsne Arrizabalaga eta Goiuri Barriga dira proiektuaren atzean dauden hamabi emakume sortzaileak.
Galdera batetik abiatu dute sortze-prozesua: "Nola liteke munduko biztanleriaren erdiak bere bizitza erdian zehar hilabetero bizi duen prozesua estigmatizatua eta ikusezina izatea?".
Sortzaileen arabera, "zerbait nazkagarria eta lotsagarria bezala" hartu ohi da hilekoa. Hortaz, hilekoaren zikloari buruz duten ikuspuntua "modu sortzaile, didaktiko, kritiko, aldarrikatzaile eta pentsakor" batetik azaldu nahi izan dute, "diziplinarteko lan prozesu pluralaren" bitartez.
Red Fanzine proiektuak artea, ilustrazioa, komunikazioa, argazkilaritza, diseinua eta hilekoaren hezkuntza lantzen duten emakume profesionalak bildu ditu.
"Bakoitzak duena eta nahi duena sortzeko eta elkarbanatzeko espazio librea" bihurtu nahi dute; horregatik, fanzinearen 250 kopien azkeneko orriak zuriak dira, "nahi duenak bere aportazio egiteko, proiektua handitzeko modu kolektiboan", azaldu dute.
Aurkezpen jaialdia ostegunean izango da, 20:00etatik aurrera Errementari kaleko 86. zenbakian dagoen Darkahead tabernan. Ostiraletik aurrera, Alde Zaharreko Zuloa Irudian, Judimendiko Candela Tabernan eta Darkahead Tabernan bertan salgai egongo da fanzinea.
Gainera, Gasteizko liburutegietan ere irakurgai egongo dela azaldu dute. Bestalde, fanzinearen web orrialdean bertsio digitala eskainiko dute.
Red Fanzine Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren Haziak lehiaketan saritutako proiektua da. Hala ere, fanzinea argitaratu ostean, jarraipena eman nahi diotela adierazi dute: "Jaiotzeko, hazteko eta hegan egiteko sortu da".