Pandemia betean kultura programatzeko espazio handi eta seguruen beharrari erantzuteko, apirilaren 12an aurkeztu zen Kultura Bizia espazioa. Maiatzetik aurrera 32.000 ikusle igaro dira Iradier Arenatik, antolatutako 90 ikuskizunetan. Orain, pandemiaren bilakaerak hobera egin duen arren, programazioa eta lankidetza gutxienez 2022ko urtarrilaren 10era arte luzatzea erabaki dute erakundeek eta Kultura Bizia elkarteak.
Hala iragarri dute gaur, Iradier Arenan bertan egindako prentsaurrekoan, Kultura foru diputatu Ana del Valek, Gasteizko Udaleko Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Laboral Kutxako komunikazio arduradun Kepa Ortiz de Urbinak eta Kultura Bizia elkarteko lehendakari Jabolo Sagastumek.
Orain arte publikoaren erantzuna "oso ona" izan dela baloratu du Sagastumek. Bestalde, musika zein antzerki taldeentzat lana sortzeaz gain, programatutako egun bakoitzean —guztira, 61 egun— 35 pertsona inguru lanean ari direla azaldu du, horien artean 10-12 pertsonako talde bat jarraian. "Hori bultzada garrantzitsua izan da bizitzea egokitu zaigun garai honetan", ospatu du.
Hurrengo hitzorduak
Prentsaurrekoan, urtarrilera bitartean baieztatutako zenbait ekitaldi aurreratu dituzte. Orain arte bezala, ikuskizun horietarako sarrerak www.kulturabizia.eus webgunean erosi ahal izango dira:
- Urriak 6 eta 7: Gasteiz On pasarela
- Urriak 17: Miniature
- Urriak 22: Boxeo gaualdia
- Urriak 23: Korrontzi + Algara dantza taldea
- Urriak 30: Stay Homas
- Azaroak 26: Bakarrizketak | Agustin Jimenez, David Navarro eta Txabi Franquesa
- Abenduak 11: Soziedad Alkoholika + Anestesia + Angelus Apatrida + Proudz
- Abenduak 23: Olentzero ekitaldia | Mulixka dantza taldea + Coro Araba abesbatza + Luis Aranburu Kontserbatorioa
- Urtarrilak 3: Pirritx, Porrotx eta Marimotots
- Urtarrilak 7: Olatz Salvador + Idoia