Epaitzeko bidean da 2018an, Julian Arrese kaleko 6. zenbakian, Gasteizko Lakua auzoko etxebizitza batean, jazotako hilketa matxista bikoitza. Berrogeita hamar urteko kartzela-zigorra eskatu du Arabako Fiskaltzak emazte eta amaginarreba ohiak labankadaz hil zituen gizonaren kontra. Emazte ohiak 43 urte zituen, eta haren amak 69; erasoan 33 eta 38 labankada jaso zituzten, hurrenez hurren.
Akusazio publikoaren idatzian, bi hilketa delitu egotzi dizkiote gizonari. Kartzela-zigorraz gain, bi seme-alaben guraso-agintea kentzea, eta horiek zein biktimen senide zuzenek milioi bat euro baino gehiagoko (1.220.000 euro) kalte-ordaina jasotzea eskatu du fiskalak. Bestalde, akusazio partikularrak 55 urteko espetxealdia eskatu du, eta Clara Campoamor elkarteak, herri-akusazioak, 60 urteko zigorra.
Mehatxu larriak
2017an dibortziatu eta hitzarmen bat sinatu zuen bikoteak. Halere, gizonak "ez zuen emazte ohiaren erabakia onartu", eta etxebizitza utzi eta berehala deiak egiten eta mezuak bidaltzen hasi zen, "mugimenduak eta jarduerak kontrolatzeko, eta batez ere emakumeak beste harremanen bat ote zuen jakiteko asmoz". Era berean, Fiskaltzaren arabera, gizonak amaginarreba ohiarekin behin baino gehiagotan harremanetan jarri zen, bitartekari bezala aritzeko eskatzeko; baina emakumeak alabaren banantzeko erabakia babesten zuela ikusirik haren kontra ere jarri zen.
Seme-alaben bidez ere emazte ohiari min emateko asmoa agertu zien gizonak ezagunei. Fiskaltzaren arabera, azkenean gizonak biak akabatzeko erabakia hartu zuen. Apirilaren 19an saiatu zen, baina ez zuen lortu, ez zituelako etxean harrapatu. Hala ere, hurrengo egunean berriro saiatu zen, eta eraikineko atarira sartu ondoren, bikotekide ohiaren solairura igo, eta biak atean harrapatu zituen. "Hiltzeko asmoz" biak sastatu zituen.
Biak hil ostean, akusatua etxe barrura sartu zen. Txikizioa eragin eta etxebizitzari su eman zion ondoren, fiskalak azaldu duenez. Ondoren, leihotik bota eta zortzigarren solairutik suhiltzaileek jarritako koltxonetan salto egin zuen.