Aguraingo gazte batek deklaratu du Ernairen maiatzeko mobilizazioengatik auzipetuta

Erredakzioa 2021ko ira. 24a, 13:43
Elkarretaratzea egin dute gaur, Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean. / @ErnaiGasteiz

Burujabetza eta eraldaketa soziala aldarrikatzeko maiatzaren 7an Ernaik antolatutako mobilizazioak Ertzaintzaren kolpeen artean amaitu ziren. Auzipetutako zortzi lagunetako azkenak, Aguraingo gazte batek, gaur deklaratu behar izan du Gasteizen.

Maiatzaren 7an, pandemia garaian gazteek bizi izandako "larrialdi egoera" salatzeko Ernai gazte erakundeak Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitutako mobilizazioaren ostean, Ertzaintza manifestarien aurka oldartu zen Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren inguruan, bildutako dozenaka gazteek protesta bertara eraman zutelako. Hurrengo egunean ere, gertatutakoa salatzeko protestak antolatu zituzten; besteak beste, eserialdi bat egin zuten Olagibel kaleko ertzain-etxean.

Ernaik orduan salatu zuenez, Ertzaintzak hainbat gazte zauritu zituen eta horietako bat atxilotu egin zuen; gainera, Santiago ospitalean artatu behar izan zuten. Guztira, zortzi gazte izan dira auzipetuak egun hartako mobilizazioen harira, eta, ostiral honetan, horietako azkenak, orduan atxilotutako gazte aguraindar batek, Gasteizko epaitegian deklaratu behar izan du.

Auzipetze horiek eta Ertzaintzak maiatzaren 7an dozenaka gazte zauritu izana salatzeko, elkarretaratzea egin dute 10:00etan Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, Etorkizun duin baten alde dena dugu irabazteko! lelopean.

Maiatzaren 7ko irudiak

Beste hiriburuetan ere kargak eta atxiloketak izan ziren, bereziki Bilboko manifestazioan. Ertzaintzaren kargaren irudiek zabalpen handia izan zuten; horien artean, Gasteizko ertzain batek zeramatzan joera ultraeskuindarreko eskumuturrekoak ikusi ahal izan ziren: horietako bat Jusapol polizia-sindikatuarena, eta beste bat AEBetako Blue Lives Matter mugimenduarena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide