Azkena Rock berezia Iradier Arenan: urriaren 3ra arte, hamar egun eta 21 kontzertu

Erredakzioa 2021ko ira. 22a, 11:00

Azkena Rock Special Edition jaialdia aurkezteko prentsaurrekoa. / GASTEIZKO UDALA

Irailaren 22tik urriaren 3ra bitartean, Loquillo, El Drogas, M Clan, Carolina Durante, Los Enemigos, Los Zigarros, Lendakaris Muertos, Kaotiko, Liher eta beste hamabi talde arituko dira Iradier Arenan.

"Rock'n'rolla eta zuzeneko musika da gurea"; horrela iragarri zuten uztailean, eta ez dute beste urte bat pasatzen utzi Azkena Rock Festival jaialdiaren zuzeneko edizio bat egin gabe. Horregatik, jaialdiaren ohiko formatua 2022an itzuliko bada ere, edizio berezia (Special Edition) antolatu dute gaurtik urriaren 3ra bitartean. Bertsio ezberdin bat izango da, pandemiaren ondorioz bizi dugun egoerara egokitua. "Baina betiko izpirituarekin", azpimarratu dute antolatzaileek.

Halaber, programazioaren ohiko estiloa aldatuz, rock'n'rollaren korronte ezberdinak irudikatu nahi izan dituzte edizio berezi honetan: rock, punk edo rockabilly doinuak entzun ahal izango dira Iradier Arenako Kultura Bizia gunean. Gainera, izen ospetsuak eta ahots gazteagoak uztartuko dituzte.

Hamar eguneko edizioa izango da, irailaren 22an hasi eta urriaren 3an amaituz. Gitarrak Iradier Arenako oholtzaz jabetuko dira, eta guztira 21 talde arituko dira: Loquillo, El Drogas, M Clan, Carolina Durante, Los Enemigos, Los Zigarros, Lendakaris Muertos, Kaotiko, Johnny Burning, Biznaga, Ray Collins Hot Club, Liher, Los Estanques, The Soul Jacket, Ezpalak, The Lizards, Razkin, Micky & The Buzz, The Wax, Seda eta Puraposse.

Kontzertuen edukiera eta Covid-19aren aurkako prebentzio neurri guztiak indarrean dagoen araudiaren arabera kontrolatuko dira.

Kontzertuak

Hamar egun eta 21 talde direlarik, saio bikoitzak egingo dira, irailaren 29an izan ezik; egun horretan, hiru talde izango baitira Iradier Arenan. Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira, eta oraindik sarrerak geratzen dira hainbat emanaldirako:

  • Irailak 22, asteazkena: Lendakaris Muertos + Ezpalak
  • Irailak 23, osteguna: Los Enemigos + Liher
  • Irailak 24, ostirala: El Drogas + The Lizards
  • Irailak 25, larunbata: Carolina Durante + Biznaga
  • Irailak 26, igandea: Johnny Burning + The Soul Jacket
  • Irailak 29, asteazkena: Kaotiko + Puraposse + The Wax
  • Irailak 30, osteguna: Ray Collins Hot Club + Micky & The Buzz
  • Urriak 1, ostirala: Loquillo + Seda
  • Urriak 2, larunbata: Los Zigarros + Los Estanques
  • Urriak 3, igandea: M Clan + Razkin

 

2022ko ARF jaialdiaren zain

Bitartean, rock musikaren zale amorratuenak datorren urtera begira daude. Azkena Rock Festival jaialdiaren 20. urteurreneko edizioa 2022ko ekainaren 16tik 18ra egingo da, eta, oraingoz, honako hauek dira baieztatutako hamazazpi taldeak: Patti Smith, Brian Wilson, The Offspring, Emmylou Harris, Social Distortion, Suzi Quatro, L7, Fu Manchu, Drive-By Truckers, Marcus King, Black Mountain, Daniel Romano's Outfit, Reverend Horton Heat, Shooter Jennings, Chuck Prophet and the Mission Express, The Faithless eta Wicked Wizzard.

"Eta askoz gehiago", aurreratu zuten ekainaren 17an sare sozialetan, laster konfirmazio gehiago iritsiko baitira. Momentuz, Iggy Pop konfirmazioen lehen txandatik erori da; ikusteko dago aurrerago iragarriko ote duten.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta aurreko ediziorako erositakoak ere 2022rako balioko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago