Astelehen goizean zabaldutako ohar labur batean, Gasteizko udal gobernuak adierazi du "atsekabez" hartu duela Sanchezen dimisioa. Antza denez, duela zenbait egun berak eskatu zuen kargutik kentzea, "arrazoi pertsonalak" direla eta.
Hala ere, Gasteizko Udalbatzako Idazkari Nagusiaren txosten batek uztailean azaleratu zuen Lurralde Saileko zudendaria —higiezinen sustatzaile baten kudeatzaile ohia—, abstenitu ez ezik, ezin zuela "garrantzi gutxieneko jarduera esanguratsurik" gauzatu bi urtez, interes-gatazka zela eta.
Izan ere, Urtaranek maiatzaren 7an izendatu zuen Sanchez sail horretako zuzendari. Txostenak seinalatu zuenez, ordura arte eta azken bi hamarkadetan, Zadure S.A. higiezinen enpresaren gerentea izan da; hain zuzen ere, hiria zabaltzen ari den hainbat sektoretan interesak dituen enpresa.
"Saileko zuzendari lanetan aritu den denboran, profesionaltasun handia erakutsi du, eta oso lan ona egin, antolakuntza eta kudeaketa berrikuntzak ezarriz, arloko arduradun den zinegotziarekin koordinaturik", baloratu du Gasteizko Udalak.
"Arduragabekeria"
Bere aldetik, Urtaranen "arduragabekeria" salatu du EH Bilduk, Lurralde Saileko zuzendaritzan "kargua betetzeko baldintzak betetzen ez zituen pertsona bat jartzeagatik". Felix Gonzalez bozeramaileak gogora ekarri duenez, EH Bilduk berak ohartarazi zuen, "bere gaitasunak alde batera utzita, pertsona horrek eraikuntza enpresa batekin izandako erlazioa arazo bat izango zela bere eginkizunen garapenean"; hori jakin arren, Urtaranek karguan mantentzea erabaki zuela salatu dute subiranistek.
Era berean, EH Bilduk ohartarazi du Udalak Sanchez izendatu zuela ordezkari gisa hiriko 40 konpentsazio-batzarretan —txosten juridikoa jaso baino egun bat lehenago horietatik hamaseitik kendu zuten arren—: "Besteak beste, Lasarteko legar-hobiak, Salburua eta Zabalganeko hainbat sektore edo ia 300 txalet eraikitzeko berraktibatu berri den 17. sektore berean, nahiz eta HAPO berriak horiek desklasifikatzea aurreikusten duen", kritikatu dute.