Urtaranen Lurralde Saileko zuzendariaren interes-gatazka azaleratu du txosten juridiko batek

Erredakzioa 2021ko uzt. 28a, 08:00

Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea. / ALEA

Gasteizko Udalbatzako Idazkari Nagusiaren txosten baten arabera, Lurralde Saileko zudendaria —higiezinen sustatzaile baten kudeatzaile ohia—, abstenitu ez ezik, ezin du "garrantzi gutxieneko jarduera esanguratsurik" gauzatu, interes-gatazka dela eta.

Astearte honetan, Gasteizko alkate Gorka Urtaranen agerraldia eskatu du EH Bilduk, Udalbatzako Idazkari Nagusiaren txosten batek plazaratutako ondorioak azal ditzan.

Izan ere, EH Bilduko bozeramaile Felix Gonzalezek berak eskatutako txosten horren arabera, izendatu berri den Lurralde eta Klimaren aurkako Ekintza Saileko zuzendari Almudena Sanchezek —higiezinen sustatzaile baten kudeatzaile ohia— ezin du botorik eman, eta, gainera, ezin du inolako jarduera garrantzitsurik egin interes-gatazka eragiten duten prozedura guztietan.

Urtaranek maiatzaren 7an izendatu zuen Sanchez sail horretako zuzendari, ordura arte eta azken bi hamarkadetan Zadure S.A. higiezinen enpresaren gerentea izan da; hain zuzen ere, hiria zabaltzen ari den hainbat sektoretan interesak dituen enpresa.

"Ondorioak eguneroko jardueran"

EH Bilduk, alkatearen agerraldia eskatzeaz gain, gogor kritikatu du gertatutakoa: "Udal honen historian lehen aldiz, alkateak eraikuntza enpresa batean ibilbide luzea egin duen pertsona batengana jo du Lurralde eta Klimaren aurkako Ekintza Saila zuzentzeko. Argi dago horrelako izendapen batek ondorioak dituela bere eguneroko jardueran, bere gaitasuna zalantzan jartzen duelako, eta mugatuta eta baldintzatuta dagoelako hiriko hirigintza tramitazio askotan", salatu du Felix Gonzalezek.

Gonzalezek azaldu duenez, Lurralde Saileko zuzendari izendatu eta gutxira, Udalaren ordezkari izendatu zuten hirian zeuden 40 konpentsazio batzorde baino gehiagotan. Horien artean, Lasarteko legar-hobiak, Salburua, Zabalgana edo Armentiako 17. sektorea nabarmendu ditu EH Bilduk. Azken sektore hori, esate baterako, berraktibatu da ia 300 txalet eraikitzeko, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriak desklasifikazioa aurreikusten duen arren.

Abstentzio betebeharra, bi urtez

Txostena "argia eta irmoa" dela deritzo EH Bilduk. Izan ere, interes-gatazkak daudela zehazten du, gai horietan abstentzio betebeharra betetzera eta errespetatzera behartuta dagoela adierazten du. Halaber, arrazoiak "orokorrak eta ez puntualak" direla zehazten du, bi urtez luzatzen direla argituz.

Horrez gain, txostenak ondorioztatzen du ez dela bakarrik ebazpenak emateari, txostenak egiteari edo botoa emateari uko egitea, baizik eta ezin duela "gutxieneko jarduera esanguratsurik" egin.

"Urtaran jaunak uste al du sailaren buru jarri duen pertsonak, adibidez, Hiru Antolamendu Plan Orokorra egiteko funtsezkoa den legealdi batean jarrai dezakeela hor?", galdetu du Gonzalezek, udal gobernua irregulartasun horien gainean dagoela ziurtatuz. EH Bilduko bozeramaileak jakitera eman duenez, gainera, txosten juridikoa jaso baino egun bat lehenago, gobernu batzordeak 40 konpentsazio batzordetatik hamaseitan saileko zuzendaria erretiratu zuen.

"Erabaki horrekin adabaki bat jartzen da, baina ez da konpontzen Lurralde Sailean sortu duen kaosa, datozen urteetan hirigintza erronka garrantzitsuei aurre egin behar die eta", gaineratu du Gonzalezek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago