Satur Garcia

"Politikariek ez dute kaleko errealitatea ezagutzen"

Anakoz Amenabar 2021ko ira. 10a, 09:02

Duela hamalau urte sustatu zuen Satur Garciak Puente Alto aterpetxea./ A. Amenabar

Gasteizko zinegotziei leporatu die etxerik gabeko lagunentzako aterpetxea ixtea, eta errealitatea "estali" nahi izatea.

Abuztuaren 31n hustu behar zuten Gasteizko Puente Alto aterpetxea, baina oraindik zenbait lagunek hantxe jarraitzen dute erakundeen erantzun baten zain. Satur Garcia (Gasteiz, 1952) aterpetxeko arduradunak ez du istilurik nahi, "irteera duin bat" nahi du, baina gogoratu du ez dutela alde egingo bizilagun guztiek beste aterpe bat izan aurretik.

Hamalau urteren ostean, aterpetxea utzi beharko duzue.

Joan den urte amaieran uzteko agindua genuen, eta hilabete batzuk gehiago eman zizkiguten azkenik. Ahalak eta bi egin ditut tarte honetan nirekin hamalau urte hauetan bizi izan direnei beste etxebizitza bat emateko helburuarekin, erakunde guztiekin izan naiz, Udala eta Eliza tartean, baina ez da posible izan. Gurean badaude zaintza batekin bakarrik euren kontura bizi daitezkeenak, eta badaude, zoritxarrez, ospitale psikiatriko baten laguntza behar dutenak. Hau ez da oraingo kontua; agintariek badakite zer gertatzen den, baina ez dute inoiz ezer egin nahi izan, eta batetik eta bestetik nire kontra egitea izan da euren lana.    

Ez dute aintzat hartzen aterpetxean egindako lana?

Osagarri beharrean, euren arerio izan naizela uste dute, euren miseriak agerian utzi dituena. Erakundeek zer egiten dute egoera honen aurrean? Kalean ere antzera gertatzen da, dozenaka lagun daude Gasteizen abandonatutako fabrika eta lonja zikinetan. Baina hori estali egin behar da, ez dadila agerian geratu.

Aterpetxea uzteko aginduaren ostean, jarri dira zuekin harremanetan?

Udaletik ez dugu deirik jaso. Gurutze Gorria bidali dute, gizarte zerbitzuak bidali beharrean. Gizarte langileek ez dute aterpetxea  zapaldu ere egin, urteetan harro defendatu ditugun gizarte zerbitzu horiek beraiek. Ez dute aterpetxearen inguruko ardurarik izan urte hauetan... Jakina denez, honek ez ditu botoak ematen, eta, aldiz, buruhauste ugari.

Urte hauetan guztietan proiektua aurrera ateratzeko laguntza eske aritu zara.

Hala joan dira hamalau urte hauek. Eta euren erantzuna kontuak gaizki eramaten ditudala, lana ongi egiten ez dudala... Azkeneko zaplastada Udaleko agerraldian  izan zen: alderdi guztiek aterpetxetik ospa egiteko esan zidaten. Ezin nuen sinetsi. Ez dakite benetan zer den kalean egotea, ez direlako sekula kalean egon. Unean uneko teknikariak esaten duenari men egin, eta aurrera. Ez dute ezagutzen kalean bizi direnen errealitatea. Eta ni oztopo bat naiz eurentzat.

Zinegotzien babes falta sumatu duzu?

Denetarik izan da, baina orokorrean ez dut babesik izan. Uste dut politikaria gai izan behar dela teknikarien erabakien gainetik bere irizpidea ezartzeko; kasu honetan, beharra dutenen alde egin behar zuten. Baina ez da horrela izan, eta benetan teknikariek hartu dituzte erabakiak.  Garai batean aitzindariak ginen gizarte zerbitzuetan, eta gaur egun negargarria da. 

"Unean uneko teknikariari men egin eta aurrera; ez dute kale gordina ezagutzen"

Zein zen zure eskaria?

Hezitzaile batzuen laguntza eskatzen nuen, baina haiek euren zerbitzuak zituztela eta besterik ez zegoela argi utzi zidaten. Puente Alto egoera jakin batzuengatik jokoaren arauak betetzen ez dituzten lagunentzat zen, kalean geratzeko beste aukerarik ez zutenentzat. Zer egiten dugu eurekin? Desagerrarazi? Horrela akabo arazo guztiak. Tira, modu batera edo bestera, lagundu egin behar zitzaien eta sekulakoak egin nituen etxebizitza horretan gera zitezen. Maileguak eskatu ditut, eta ahal izan dudan guztia egin dut. Urte hauetan ez dituzte baldintza onenak izan  Puente Alton, medikuak eta psikologoak faltan izan dira, baina behintzat aterpe bat izan dute, gosaririk eta bazkaririk ez da falta izan. Ahal izan dugun guztia egin dugu.

Nolakoa izan da urteotan elkarbizitza aterpetxean?

Profil askotariko lagunak izan dira, eta halakoetan elkarbizitza ez da erraza izaten. Kontuan hartu askok etxeko lanak egiteko betebeharrak ere ez dituztela onartzen, horretarako kalean hobeto  daudela esango dizutelako, eta beste bide batzuk bilatu behar izan dira. Bileran elkartu eta euren etxea aurrera ateratzeko laguntza beharrezkoa zela esan nien, ez zegoela beste aukerarik; eta orduan hasi ziren poliki-poliki bat komuna garbitzen, bestea kazolak... Hala joan ginen antolatzen. Izan dira joan eta berriz bueltatu direnak, adin nagusi izanda harrera guneetatik inolako eskrupulorik gabe bota dituzten gazteak, buruko gaitzak dituztenak... Halakoak izan ditugu. Eta, egiari zor, nire urte zoriontsuenak izan dira.

Proiektu solidarioekin jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, horretan ez daukat zalantzarik. Gainera, erretiroa hartu berri dut, eta denbora gehiago izango dut aurrerantzean. Momentuz aterpetxera joaten jarraituko dut, arratsaldero, eta aurrera begira hirian bazkariak banatzeko egitasmo batekin hasiko gara. Beti izan dut laguntzeko beharra, kale gorria eta egoera zailak zeintzuk diren ondo ezagutzen ditudalako.   

Nola daude une honetan aterpetxeko kideak?

Aztoratuta eta haserre. Ezjakintasuna nagusi, eurekin zer gertatuko den ez dakite, eta horrek asko aztoratu ditu. Pozik zeuden aterpetxean, eta ez dute ulertzen nola birrintzen duten halako egitasmo bat. Tira, beste aukerarik ez dago, eta alde egin beharko dute. Espero dut, halere, istilurik ez egotea, eta irteera duina ematea honi, gauzak behar bezala egitea, Poliziaren ikuskizunik gabe. Niretzat gogorra izango da hamalau urtez bizilagun izan ditudanei agur esan behar izatea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago