EITBk argitaratu duenez, joan den larunbatean, taberna batetik atera ostean, gaztea Foru plazara abiatu zen lagunekin elkartzeko. Gaztearen arabera, une hartan, beste mutil batek "marikoi zikina" oihukatu zion; biratzean, ukabilkada bat jaso zuen eta lurrera erori zen.
Gazteak bere sare sozialen bitartez salatu du eraso homofoboa. Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak, bere aldetik, komunikabideen bidez ezagututako erasoa behatokian erregistratu duela baieztatu du; gainera, erasotuaren esanetara jarri da.
Hamabi eraso hiru hilabetetan
Azken eraso hau Ikusgunek udan zehar jasotako beste hainbat salaketari gehitu behar zaie. Izan ere, azken hiruhilekoan gutxienez hamabi eraso LGTBIfobiko atzeman ditu behatokiak Araban; zehazki, Amurrion, Gorbeialdean eta Gasteizen: horietako zazpi eraso fisikoak izan dira (tartean, larunbat honetako) eta beste bost gorroto-gertakari (horien artean azkena, LGTBI poltsa bat eramateagatik Zabalganean jazarritako hamabi urteko neskaren aurkakoa).