Euneizek diru publikorik jasoko ez duela legean zehaztea eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko ira. 3a, 12:30
Baskoniaren kirol instalazioak, Zurbao eta Salburua artean. / GOOGLE MAPS

EH Bilduk lau zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Euneiz unibertsitate pribatuari babesa emateko Eusko Jaurlaritzaren lege proiektuari, finantzazio publikoa irabazi asmorik gabeko unibertsitateek bakarrik izan dezaten.

Aurrera doa European University Gasteiz (Euneiz) unibertsitate pribatua sortzeko prozesua, eta, horrekin batera, horren inguruko eztabaida. Eusko Legebiltzarra egunotan aztertzen ari da Jaurlaritzaren lege proiektua. Ostegunean, Elkarrekin Podemosek osoko zuzenketa aurkeztu zion proiektuari, Espainiako Gobernuak onartutako Unibertsitateei buruzko Dekretuan zehaztutako irizpideak urratzen dituela azpimarratuz.

Ostiral honetan, berriz, EH Bildu izan da lege proiektuari lau zuzenketa partzial aurkeztu dizkiona, unibertsitate pribatu horrek diru publikorik jasoko ez duela bermatzeko asmoz. Zehazki, independentistek lau xedapen gehigarri erantsi nahi dizkio jatorrizko testuari, "argi uzteko euskal unibertsitate sistema irabazi asmorik gabeko unibertsitateek bakarrik osatzen dutela eta, ondorioz, finantzazio publikoa ere irabazi asmorik gabeko unibertsitateek bakarrik jaso ahalko dutela".

"Euneiz bezalako unibertsitate pribatu batek, irabazi asmoa duenak, ezin dezake diru publikoa jaso, eta legeak argi utzi behar du", azpimarratu du Ikoitz Arrese legebiltzarkideak. Puntu horri dagokionez, EH Bilduk 2004ko Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea aldatzea proposatu du.

"Argi dugu euskal unibertsitate sistemak fakultate eta espezialitate guztiak eskaintzea positiboa eta beharrezkoa dela, eta horrek bultzada publikoa behar duela, betiere legediak eskatutako baldintzak betetzen direla ziurtatuta eta argi utzita irabazi asmorik gabeko unibertsitatea izatea ezinbesteko baldintza izan behar dela diru publikoa jasotzeko", adierazi du legebiltzar talde independentistak.

Zuzenketekin batera, EH Bilduk txosten juridiko berri bana egiteko eskatu die Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari (Unibasq) Euneizen proiektuak aldatu berri den legedia betetzen duen aztertu eta argitu dezaten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide