Elkarrekin Podemosek osoko zuzenketa aurkeztu dio Euneizi

Erredakzioa 2021ko ira. 2a, 17:58
Querejeta, Gonzalez eta Urtaran proiektuaren aurkezpenean, 2017an. / Baskonia

Ekimen "pribatua eta elitista" dela argudiatu du ezkerreko koalizioak, "eta hau ez da gure hezkuntza-apustua".

Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektuari babesa emango dion legea tramitatzen ari da Eusko Legebiltzarra, eta Elkarrekin Podemosek osoko zuzenketa aurkeztu du, "zentzugabekeria delako eta unibertsitate-arloko legeria urratzen duelako".

Ezkerreko koalizioak salatu duenez, "ekimen pribatua eta elitista da, diru publikoarekin finantzatu nahi dena, eta hau ez da gure hezkuntza-apustua". Podemosek argudiatu du Euskadiko Unibertsitate Kalitatearen Agentziak (UNIBASQ) kontrako txostena eman diola Unibertsitate gisa onartzeari. Gainera, ohartarazi duenez, "ez du betetzen koalizioko gobernuak onartutako Unibertsitateei buruzko 640/2021 Errege Dekretua; izan ere, sei gradu-ikasketa baino ez ditu eskainiko eta Dekretuak gutxienez hamar izango ditu".

Iñigo Martinez Zatonek funts publikoen inguruko kritika ere egin du: "Ziurtatu ziguten proiektu honek ez zuela funts publikorik jasoko, baina ez da hala, Araba Sport hiriburuaren barruan baitago, Europako Funtsetatik 34 milioi euro jaso nahi baititu. Zenbateko horri gehitu beharko litzaioke azkenean Aldundiak eta Udalak 8.000 euroko ikastaroak dituen unibertsitate bat finantzatzeko jartzen dutena". "Guztiz onartezina iruditzen zaigu, are gehiago hezkuntza publikoa blindatu eta hobetu behar denean". Eusko Jaurlaritzari proposatu diote 34 milioi euro horiek EHUk Gasteizen dituen fakultateak eta, bereziki, kirol-campusa indartzeko erabil ditzala. 

Ostiral honetan amaituko da taldeek zuzenketak aurkezteko duten epea, eta oraindik EH Bilduk ez du argitu zer egingo duen. PPk eta VOXek ez dute zuzenketarik aurkeztuko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide