40 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, taberna batean bi adingabe bortxatzea egotzita

Erredakzioa 2021ko ira. 3a, 09:00

Mugimendu feministaren elkarretaratze bat indarkeria matxistaren aurka. / ALEA

Ertzaintzak 40 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizen. Ustez, bi adingabe mozkortu eta bortxatu zituen Alde Zaharreko taberna batean, asteazkenetik ostegunerako gauean.

Gaur, ostirala, epailearen esku utziko dute ustezko erasotzailea. El Correo egunkariak argitaratu duenez, 40 urteko gizonezkoa Gasteizko Alde Zaharreko taberna bateko arduraduna da, eta, ustez, asteazken gauetik ostegun goizaldera bitartean, bi adingabe mozkortu eta bortxatu zituen bere lokalean. Adingabeei sexu erasoa egitea egotzita aste honetan Arabako hiriburuan atxilotutako bigarren pertsona da.

El Correok aipatutako polizia-iturrien arabera, hiru neska gazte ostalaritza establezimenduaren barruan zeuden, tabernariak itxieraren berri eman zienean; hala ere, pertsiana jaitsitakoan barruan geratzera gonbidatu zituen. Hiruretako batek uko egin zion eskaintzari eta alde egin zuen; beste biekin, ordea, jazarpen estrategiari ekin zion gizonak.

Bi neska horien testigantzaren arabera, ustezko erasotzaileak proposatutako hainbat eskaintzari uko egin zioten. Ondoren, txupitoetara gonbidatzen hasi zen, eta uneren batean konortea galdu zuten biek. Esnatu zirenean, sexualki bortxatuak izaten ari ziren, haietako batek oroitzapen lausoagoak dituen arren.

Kontzientzia berreskuratu ondoren, bi nerabeek handik alde egin zuten eta 112 zenbakira deitu; sexu erasoen aurkako protokoloa aktibatu zen orduan. Ospitalera eraman zituzten; ondoren, ostegun goizean, epaitegiko auzitegiko mediku bat ere haiekin izan zen eta polizia-etxera joan ziren biak, gertatutakoari buruzko xehetasun gehiago ematera.

Beren lekukotzak 2. zenbakiko Instrukzioko Epaitegira ostiral honetan bidaliko den atestatuan sartu ditu Ertzaintzak. Epaileak erabakiko du atxilotutako gizona karguekin aske utziko duen edo espetxera bidaliko duen, aste honetan antzeko beste kasu batengatik Gasteizko diskoteka bateko langile batekin gertatu den bezala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago