Gizon bat espetxeratu dute maiatzean adingabe bat bortxatzea egotzita

Erredakzioa 2021ko ira. 2a, 13:40

Mugimendu feministaren elkarretaratze bat indarkeria matxistaren aurka. / ALEA

Maiatzean, 26 urteko gazte batek adingabe bat bortxatu zuen Gasteizko lonja batean. 15 urteko biktimak egunotan jarri du salaketa, eta ustezko erasotzailea Zaballako kartzelan behin-behinean espetxeratzea agindu du epaileak.

El Correo egunkariak argitaratu duenez, biktimak diskoteka batean jai egin zuen maiatzeko egun batean; bertan lan egiten zuen sexu-abusuengatik aurrekari penalak dituen ikertuak. Polizia iturrien arabera, neska adingabea lonja batean esnatu zen, "erdi biluzik", eta bere gainean aurkitu zuen erasotzailea. Neskak salatu duenez, gizonezkoa bere ahoa estaltzen ari zen; ustez, sexualki bortxatu zuen.

Gizonezkoa asteartean atxilotu zuen Ertzaintzak, aste hasieran 15 urteko neskak jarritako salaketaren ondorioz. Forondako Ateko polizia-etxera eraman zuten. Gaua ziega batean igaro ostean, asteazken goizean Ertzaintzak Gasteizko 2. Instrukzioko Epaitegiaren esku utzi zuen. Sexu erasoaren ustezko delitua egotzita, epaileak Zaballako kartzelan behin-behinean espetxeratzea agindu du, preso prebentibo gisa ikerketa garatu bitartean.

Bortxaketaren egilea dela baieztatuz gero, sei eta hamabost urte bitarteko kartzela zigorrari aurre egin diezaioke, aurrekariak eta biktimaren adina kontuan hartuta.

Gutxienez bost sexu eraso 2021ean

Ertzaintzaren estatistika ofizialen arabera, 2021ean Gasteizen salatutako bosgarren sexu erasoa izan da azken hau.

Aldi berean, Udaltzaingoa Navarro Villoslada kaleko etxebizitza batean abuztuaren 13an gertatutako beste sexu eraso bat ikertzen ari da. Biktimaren arabera, bertan egindako jai baten testuinguruan, "gutxienez" gizon batek parte hartu zuen erasoan, "alkohola eta drogak hartzeagatik ahalmenak mugatuta zituela aprobetxatuz". Hala ere, taldeko sexu eraso bat izan liteke, bertan beste hiru gizon zeudelako.

Guztiek Gasteizko 3. Instrukzioko Epaitegian deklaratu dute jada, eta une honetan aske daude karguekin, zabalik dagoen ikerketak zehaztuko duenaren zain.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago