Zilarrezko domina lortu du Tessy Eboselek (Benin City, Nigeria, 2002) Nairobin (Kenya) amaitu berri den 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan. 13,63 metroko marka egin du, marka pertsonal berria, eta 12 zentimetro falta izan zaizkio jauzi hirukoitzean urrezko domina lortzeko. Tallinen (Estonia), berriz, jauzi luzean Europako txapeldunordea izan da atleta gasteiztarra, eta bosgarrena mundukoan. Kenyatik iritsi berri da eta oso-oso nekatuta dagoela aitortu du, baina hala ere tarte bat hartu du bizitakoa ALEArekin partekatzeko.
Nolakoa izan da Munduko Txapelketako esperientzia? Zer balantze egiten duzu?
Oso esperientzia polita izan da, jende asko ezagutu dut, Kenya ere ezagutzeko aukera izan dut, eta kirol aldetik gustura nago lortutako dominarekin, oso pozik. Jauzi hirukoitzean oso ondo aritu nintzen eta podiumera iritsi nintzen, baina luzerako jauzian bosgarren postuan geratu nintzen. Hurrengo denboraldian hobetzea espero dut. Orain atseden hartu behar dut, oso urte luzea izan da.
Luzerako jauzian espero zenuen emaitza hobeagoa?
Bai, sailkapenean hobeto nengoen, eta hirukoitzean, berriz, ez nekien seguru domina atera ahal izango nuen. Gainera, jauzi luzean gehiago entrenatu dut eta podiumera igotzea espero nuen; baina espero dut aurrerantzean ere aukera gehiago izatea egin dudan lana eraskuteko eta bi proba horietan podiumera iristeko.
Europako Txapelketan, zilarraz gain, 6,63ko marka lortu duzu, Espainiako errekorretik zentimetro batera; eta euskal errekorra hautsi duzu.
Bai, baina politena biak ondo egitea litzateke
Gasteizko La Blanca klubean hasi zinen atletismoan, baina orain Donostiako Realeko atleta zara eta Asier San Sebastian entrenatzailearen aginduetara entrenatzen duzu. Nola joan da aldaketa?
Zuzenbidea ikasi nahi nuen, eta horregatik joan nintzen Donostiara. Han, Asierrekin entrenatzeko aukera izan dut eta oso gustura nago, laguntza handia ematen ari zaizkit.
Ez da erraza izan behar ikasketak eta atletismoa uztartzea?
Gustura nago. Batzuetan gehiago kostatzen zait, baina momentuz ondo nago.
Hurrengo denboraldian pentsatzen hasi zara?
Ez, ez. Orain atsedena hartu nahi dut, oso-oso nekatuta etorri naiz eta oporrak behar ditut, hondartzara joan, lagunekin egon eta pixka bat erlaxatu behar dut. Urtea oso luzea izan da, urte osoa egon gara entrenamenduekin eta lehiaketekin, eta ez dut denbora izan ezertxo ere pentsatzeko. Pixkanaka-pixkanaka joan nahi dut.
Zergatik hasi zinen atletismoan?
Gasteizen hasi nintzen, La Blanca klubean, DBHko lehenengo edo bigarren mailan. Arratsalde asko ematen nituen etxean ezer egin gabe, eta amak esan zidan ezin nuela etxean geratu, mugitu beharra neukala. Pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen klubera joaten, eta Jokin Azkoagaren eta Jesus Zuñigaren laguntzarekin hasi nintzen atletismoan.
Kirolari gazteen artean punta-puntakoa zara orain mundu mailan.
Bai. Gauza oso onak egin ditut urte honetan eta rankinean nago orain.
Mundu mailako atletismoan etorkizun oparoa duzula esan izan da; zuk ere hala uste duzu?
Ez dakit. Hori ez dut nik esan behar; denborak esango du.
Zer ematen dizu atletismoak?
Esperientzia bikaina, jende zoragarria ezagutzea, gauza onak ekartzen dizkit gorputzerako; adibidez, ikasketekin larrituta edo urduri nagoenean, atletismoak erlaxatzen laguntzen dit eta hobeto pentsatzen.
Nola ikusten duzu zure burua hemendik bost bat urtera?
Gustatuko litzaidake atletismoan jarraitzea eta horretaz bizitzea, ametsa litzateke, baina ez dakit egia bihurtuko den. Entrenatzen jarraituko dut, urte honetan oso gustura egon naiz Donostian. Gauza asko, atal asko ditut orain nire bizitzan, ez da dena atletismoa, ikasketak ere gustuko ditut, eta ez dakit zer egingo dudan aurrerago. Oraindik gaztea naiz, eta nahiago dut bietan jarraitzea; aurrerago erabakiak hartu beharko ditut.
Zeintzuk dira zure alderik onenak, eta zertan hobetu beharko zenuke?
Uste dut txapelketetan asko motibatzen naizela eta nahiko ondo lehiatzen dudala. Eta hobetu behar dudan atala teknikoa da, asko daukat egiteko alde horretan.