Espetxe politikan "urrats berriak" eskatu dituzte

Erredakzioa 2021ko abu. 4a, 10:01

Euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatu dute Gasteizen. SARE

Urruntze politikaren "amaieraren hasiera" iragarri du Sarek, baina etapa berria gauzatzeko lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du ere. 

Antonio Machado poetaren hitzak baliatu zituzten atzo Gasteizen euskal presoen alde egin zuten manifestazioan: "Ibiltari, ez dago biderik; ibilian-ibilian egiten da bidea". Izan ere, hori da Sarek aukeratu duen leloa espetxe politikan ere normalizazioa lortzeko: "Ibilian-Ibilian, etxerako bidean.

Sarek deitutako manifestazioak Gasteizko kaleak zeharkatu zituen. Martxan zehar, hainbat lagunek pankarta eramaten zuten erreleboan, presoen aldeko lanean hainbat etapa jorratu beharra dagoela irudikatzeko. 

Plaza Berrira iristean, antolatzaileek manifestu bat irakurri zuten. Bertan iragarri zuten mugarri berri batera iristear dela euskal presoen egoera. "Denok espero genuen eta, batez ere, 30 urtetik gora milaka kilometrora urrunduta egon diren euskal presoen senideek eta lagunek espero zuten" unea, hain justu. Sareren arabera, "urruntze politikaren amaieraren hasieran gaude". Halere, orain "etapa berri bati" ekiteko garaia dela nabarmendu zuten, "euskal preso guztiak etxera itzultzeko" bidean. 

Bi aldarri nabarmendu zituzten manifestuan: euskal presoak Euskal Herrira ekartzea eta espetxe politikan graduen progresioa lortzea. "Legez, euskal herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea baitagokie. Eta gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, hiru laurdenak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea. Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari". Modu berean, "iheslarien etxerako bidea egiteko etapa" ere iritsi dela erantsi zuten.

Zeregin horretan, bildutakoen lana eskertu nahi izan zuten antolatzaileek. "Ekimen eta ekintza txiki bakoitzarekin, kalera irten den pertsona bakoitzari esker, antolatu garen herri eta auzo bakoitzean sortutako dinamikei esker, aldaketaren motorra garela erakusten ari gara".

Azkenik, urriaren 7an Agurainen hasita eta 9an Gasteizen bukatuko den martxan parte hartzeko deia berretsi zuten. Ibilaldi horrek Arabako hainbat herri zeharkatuko ditu, gau eta egunez, presoak Euskal Herrira ekartzea galdeginez.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago