"Salbuespen neurriak" bertan behera uzteko eskatuko dute

Erredakzioa 2021ko abu. 3a, 12:38

Gasteizen aurkeztu dute ekimena. SARE

Euskal presoen aldeko manifestaziora deitu dute gaur arratsalderako. Urrian, berriz, Arabako itzulia egingo dute. 

Ibilian-ibilian etxerako bidean lelopean, manifestazioa egingo dute gaur Gasteizen, 18:30ean, Bilboko plazatik abiatuta. 

Manifestaziorako egin duen deialdian, euskal presoen etxeratze prozesuan "beste urrats bat" emateko garaia dela esan du Sarek. Erakundeak nabarmendu duenez, dagoeneko "atzean utzi ditugu urrunduen dauden kartzelak, lehen graduak edo isolamendua". Halere, "fase zahar" horren itxierak beste fase baten irekiera ekarri behar duela aldarrikatu dute. 

Izan ere, erakundeak dio euskal presoek "hamaika oztopo" dituztela oraindik. "Salbuespenezko neurri asko oraindik indarrean daude, eta guk, eta euskal jendartearen gehiengoaren nahiak bezala, neurri guzti hauek bertan behera geratzea nahi dugu", gaineratu dute. Nabarmendu dute euskal presoen %33 baino ez daudela Euskal Herriko espetxeetan. 

Gaurko manifestazioaz gain, urriaren 7tik 9ra Araba zeharkatuko duen martxa baten berri eman du Sarek. Orotara, 185 kilometro egingo dituzte Arabako itzulian, eta, besteak beste, Kanpezu, Bernedo, Trebiñu, Zaballako espetxea, Izarra, Amurrio eta Murgia zeharkatuko dituzte. Urriaren 9an amaiera emango diote martxari, Gasteizen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago