Gasteizko Txosnen herri bazkaria debekatu nahi du Udalak

Erredakzioa 2021ko uzt. 30a, 12:15

Gasteizko Txosnek Entxosnazio Eguna antolatuko dute abuztuaren 5ean. / Arg: @entxosnatu

Gorka Urtaran alkateak ohartarazi du Udalak ez duela Gasteizko Txosnen herri bazkaria egiteko baimenik emango, gainerako jarduerak egin ahal izango badituzte ere.

Atzo, ostegunean, Gasteizko Txosnek iragarri zuten abuztuaren 5ean Entxosnazio Eguna antolatuko dutela. Aurtengo jaietan txosnak jarriko ez badituzte ere, egun osoko egitaraua antolatu dute Alde Zaharrean zein hiriaren erdialdean, hainbat jarduerarekin: besteak beste, herri azoka, erakusketa, umeen txokoa, herri bazkaria eta manifestazioa.

Hala ere, Gasteiz Hoy hedabideak argitaratu duenez, ostiral honetako prentsaurrekoan, Gorka Urtaran alkateak ziurtatu du Gasteizko Udalak ez diela baimenik emango herri bazkaria egiteko; bai, ordea, gainerako jardueretarako. "Programako zenbait jarduera ezin dira egin; esate baterako, herri bazkaria. Beraiek ezagutzen dute debekua, eta hala ere herri bazkarirako baimena eskatu dute", adierazi du Urtaranek.

Egitaraua

ALEA txosna batzordeko kideekin harremanetan jarri da. Oraingoz debekuaren inguruko balorazio publikorik egin ez duten arren, egoera aztertzen ari dira eta datozen egunetan jakinaraziko dute horren gaineko erabakia.

Nolanahi ere, abuztuaren 5eko egitarauaren aurkezpenean, Gasteizko Txosnek azpimarratu zuten krisialdiari "modu kolektiboan erantzutea" lehentasuna dela haientzat, eta "guztion osasuna eta zaintza erdigunean" jarri nahi dutela. Ohiko formatua albo batera utzi behar izan badute ere, aurtengo jaietan "kaleak hartzeko" deia egin dute.

Honako hauek dira antolatutako jarduerak:

  • 10:00: herri azoka Burullerias plazan eta Gasteizko Txosnen 40 urteen inguruko erakusketa Etxauri plazan.
  • 11:00etatik aurrera: umeen txokoa Martin Ttipia plazan; margoketak 11:00etatik aurrera eta 12:00etan ipuin kontalaria.
  • 18:30: manifestazioa Artium museotik abiatuta.

Une honetan zalantzan dagoen arren (txosna batzordeak erabakia jakinarazi arte), 14:00etan herri bazkaria egitekoa zen Herrandarren kaleko Agroespacean (Zelai Beltzak bezala ezaguna), sei pertsonako mahaiak jarrita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago