2020an, Covid-19aren pandemiak bultzatuta, etenaldi bat egin eta beren 40. urteurrena ospatzeari uko egin behar izan zioten Gasteizko Txosnek. Denbora horretan eguneroko lana mantendu dute txosna batzordeko eragileek, eta, gainera, zenbait jarduera antolatu dituzte.
Txosna batzordeak aitortu du aurtengo jaiek ere bestelako forma hartu beharko dutela, baina azpimarratu dute ez daudela "besoak gurutzatuta ezer egin gabe" gelditzeko prest, "aldarrikapen eta eduki politikoa" bermatzea beharrezkoa delako eta Gasteizko Txosnak "herri mugimenduen bilgunea" direlako, "aisialdi eta jai eredu alternatibo baten iturria, hamaika borroken plaza, indarrean dauden joera eta balioak eraldatzeko aukera, parte hartzeko aukera, ikasteko aukera...".
Egitaraua
Hortaz, krisialdiari "modu kolektiboan erantzutea" lehentasun gisa hartu eta "guztion osasuna eta zaintza" erdigunean jarri nahi dute, eta ohiko formatua albo batera utzi behar izan badute ere, aurtengo jaietan "kaleak hartzeko" deia egin dute, abuztuaren 5ean egun osoko egitarau bat antolatuz: Entxosnazio Eguna.
Honako hauek dira egun horretara begira antolatutako jarduerak:
- 10:00: herri azoka Burullerias plazan eta Gasteizko Txosnen 40 urteen inguruko erakusketa Etxauri plazan.
- 11:00etatik aurrera: umeen txokoa Martin Ttipia plazan; margoketak 11:00etatik aurrera eta 12:00etan ipuin kontalaria.
- 14:00: herri bazkaria Herrandarren kaleko Agroespacean (Zelai Beltzak bezala ezaguna).
- 18:30: manifestazioa Artium museotik abiatuta.
Herri bazkaria
Herri bazkarian sei pertsonako mahaiak jarriko dira. Menu bakoitzaren prezioa 15 eurokoa izanda, mahai osorako txartelak Txapelarri eta Lora tabernetan erosi beharko dira. Barazki paella, barazki lasagna, gazta tarta, meloia, ogia, ura eta ardoa eskainiko dute.
Txosnisariak
Bestalde, txosna batzordeak aurtengo bi txosnisariak jakinarazi ditu:
- 2020ko saria pentsiodunen mugimenduarentzat izango da, "txosnen ibilbide osoan zehar presente egon direlako eta azken urteetan lehen lerroan kalean aktiboen egon den kolektiboa delako".
- 2021ko saria ostalarientzat izango da, krisiak bereziki kolpatutako kolektiboa izanda ere, pandemian zehar erakutsitako ardura eta egindako lana nabarmentzeko, eta "instituzioen arduragabekeriaren ondorioen aurrean antolatzen eta kalea hartzen jakin dutelako".