Iñigo Etxezarreta

"Ohiko kontzertu bat baino, espektakulu bat prestatu dugu"

Juanma Gallego 2021ko uzt. 31a, 08:00

En Tol Sarmiento taldeko gitarrista eta abeslaria da Iñigo Etxezarreta. ETS

Azken garaietan estilo eta formatu berriei ekin die En Tol Sarmiento talde arabarrak. Abuztuaren 6an Iradien Arenan joko dute, eta bertan "sorpresak" egongo direla aurreratu du taldeko kide Iñigo Etxezarretak.

Abuztuaren 6an Iradier Arenako oholtza gainean egongo dira En Tol Sarmiento taldekoak. Ez da ohiko kontzertua izango, inondik ere, baina garaiak ere ez dira batere ohikoak. Iñigo Etxezarreta (Gasteiz, 1988) abeslari eta gitarristaren esanetan, "kontzertu berezia" izango da. 

Iradier Arenan joko duzue. Zer-nolako aurreikuspenak dituzue?

Aitortuko dizut inoiz ez naizela barruan egon, eta soinuaren gaineko kezka ere hor dagoela. Baina moldaketak eta hobekuntzak egin dituzte. Agertokia oso handia da, eta behean mahaiak egongo dira, bakoitzean lau lagun esertzeko modukoak. Tankera honetako gure lehen kontzertua izango da; baina aurrekoetan ere aulkiekin egin ditugu. Aurten egiten ari garen kontzertu motarako, bederen, baldintzak betetzen ditu. Izan ere, nahiko formatu berezia lantzen ari gara, dantzariak ere tartean daudela, eta piano jole bat ere kontratatu dugu. Ohiko kontzertu bat baino, espektakulu bat eskaintzen ari gara.

Orain arte antzokietan ibili zarete. Antzeko espektakulua izango al da Iradier Arenakoa?

Ideia orokorra antzekoa da: gidoi baten araberako espektakulu bat, eszenografia batez lagunduta; dantzariak, pianista, atrezzo berezia... baina Iradier Arenan jotzeak aukera ematen du beste sorpresatxoak sartzeko, antzokietan egiteko modukoak ez zirenak. Aurreratu dezakegu udan kontzertuak animatuagoak izango direla. Zinez merezi izango du aurtengo espektakulua ikustea, aurten baino ez dugulako egingo. Oso egokituta dago bizitzen ari garen egoerara, eta gidoia ere koherentea da bizitzen ari garen unearekin.

Ez dakit ohituko nintzatekeen kontzertu bat eserita ikustera...

Orain lantzen ari garen espektakuluak ez du zerikusirik urte luzez jo dugun musikarekin. Aurrekoan, ezinezkoa zitekeen eserita ikustea, nahiko musika kañeroa egiten genuelako. Baina iaz, kontzerturik gabe egon ginenean, denbora dezente izan genuen zerbait desberdina prestatzeko. Guretzat ere aukera berri bat zen bizi izandako egoera aprobetxatzeko, eta espektakulu intimoagoa edo emozionalagoa prestatzeko. Sentimenduetara heltzeko modukoa; berriro diot, horrelako zerbait ikusteko aukera bakarra aurten baino ez da egongo. Orokorrean, aurreko kontzertuekin alderatuz, jendea pozago ateratzen da orain.Kasu honetan, bada gidoi bat, eta kontzertu osoan zehar istorio bat kontatzen dugu. Konfinamendutik deskonfinamendurako bidea azaltzen dugu, bi paisaia desberdinen bitartez.

Estiloaren bilakaera talde askotan gertatzen da; baina, zuen kasuan, pandemia funtsezkoa izan da...

Hala da. Alde batetik, taldeak aldaketa bat planteatu zuen duela bizpahiru urte. Ez zen izan oso bortitza, baina pixkanaka sumatzen ari zen beste estilo batzuk jorratzen ari ginela, eta saiatzen ari ginela taldean profesionaltasuna islatzen. Eta azken diskoarekin gauzatu da; bai itxura zein estilo aldaketa izan da. Pandemiaren hasierak oso gaizki harrapatu gintuen. Diskoa aurkezteko kontzertu asko lotuta genituen, eta lehenengoa besterik ezin izan genuen eman; gainerako guztiak bertan behera geratu ziren. Nahiko latza izan zen, baina tarte hori ere erabili genuen bi abesti berri ateratzeko. Bereziki Zurekin batera kantak oso harrera ona izan du. Aurten egiten ari garen biran ikusten ari gara jendearen erantzuna oso ona izaten ari dela. Eserita eta musukoarekin egonda ere, ez nuke esango kontzertu hauek hain txarrak direnik. Emozionalki, nik besteak baino gehiago sentitzen ditut oraingo kontzertuak. Prestatu dugun formatu honekin, diskoarekin imajinatzen genuena gauzatzea lortu dugu. Iazko urtea gogorra izan zen arren, aurten gauzak hobetu dira.

Profesionaltasuna aipatu duzu aurrekoan. Izan ere, lana utzi zenuen honetara buru-belarri dedikatzeko. Nolakoa izan da abentura?

Aukera berriak diskoarekin apustua egin nuen, eta lana utzi nuen, bai. Diskoa atera eta gutxira jendearen erantzuna oso ona izan zen, baina oso gogorra izan zen gero ikustea kontzertu guztiak nola erortzen ziren. Ez zen batere kontu erraza izan. Baina aurten, bederen, gauzek hobera egin dute, eta oso pozik nago horregatik.

Nola egokitzen ari zarete musikariak egoera gogor honetara?

Gauzak aldatzen ari dira. Durangoko azokaren bitartez diskoak saldu dira orain arte; askotan, jendeak bertan erosten zituen, sinaduragatik, edo taldearekin egoteagatik. Hau da, esperientzia modura egiten zuten. Baina egia da ere kontzertuetan dagoela musika taldeen fakturazioaren portzentaje handi bat, eta horregatik iazkoa oso urte gogorra izan zen guretzat. Guri ez ezik, talde guztiei gertatu zitzaien. Baina, tira, borrokan jarraitzen baduzu, eta benetan sentitzen baduzu egiten duzun lana, beti aukerak aterako dira, modu batean edo bestean. Adibidez, gure kasuan, jarduna antzoki formatu batera egokitu dugu, eta esperientzia oso ondo atera da.

Spotify, Youtube eta halakoekin badago modurik musikaren munduan aurrera egiteko?

Bizitzeko ez, baina badira behintzat diru sarrera bat. Plataforma horiek batez ere ikusgarritasuna ematen diote taldeari, eta kontzertuak lortzeko oso baliagarriak dira. Baina, esan bezala, talde gehienen kasuan kontzertuek ematen dute fakturazioaren zatirik handiena.

Oro har, kultura eragile guztiek duten erronka da, ezta? Nola lortu ogibide duina izatea...

Bai. Jendea ohitu behar da kultura ordaintzera. Nire ustez, arlo kulturalean badira doakoak behar duten kontu batzuk; baina, beste batzuetan, ulertu behar da ekonomikoki apustu bat egin behar dela kultura kontsumitzeko. Gure kasuan, ikusi dugu jendea prest dagoela kontzertu baten sarrera ordaintzeko, eta espero dut ohitura hori geratzeko etorri izana. Lehen, Euskal Herrian ez zen hain ohikoa, batez ere herriko jaietan kontzertu asko ikusteko aukera zegoelako.

Arabako Errioxan euskararen presentzia handitzeko zuen lana lagungarria izan dela uste duzue?

Egia da duela urte asko euskaraz abesteko erabaki hori hartu genuela, taldeko kide gehienek euskaraz ez jakinda ere. Eta, bai, imajinatzen dut eskualdean hori oso lagungarria izan dela. Gurekin kontaktuan jartzen direnek bederen badituzte erreferente batzuk eskualdean. Oraindik lan pila egiteko dago arlo horretan, eta, gure eremuko errealitatea ez da ona, Araba osoan ona ez den modu berean. Baina gure laguntza txikia ematen saiatu gara.

Euskal Herritik kanpo ere atera zarete. Nolako harrera izan duzue?

Kontzertu gehienak Euskal Herrian ematen ditugu. Beti saiatu gara mantentzen gure hemengo ohiko bizitza, taldekideen bizitza pertsonalak zaintzeko. Badakizu, etxean lo egitea, eta familia eta lagunekin egotea. Horregatik, baldintza oso onak ez badira, normalean ez gara kanpora ateratzen kontzertuak ematera. Baina iritsi gara une batera non sentitzen baitugu ere gure musika kanpora atera behar dugula. Batzuetan Iparraldetik harago jo dugu, Frantzian, eta bertakoek esaten digute nahiko gertu sentitzen dutela Euskal Herria, hurbiltasunagatik edo. Guk, Logroño alboan egonda, bospasei urte daramatzagu bertan jo gabe. Nahiko paradoxikoa da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago