Abetxukuko etxegabetzea salatu eta desokupazio enpresei aurre egitera deitu dute

Erredakzioa 2021ko uzt. 29a, 11:30

Etxebizitza Sindikatuaren eta Erraki sarearen prentsaurreko bateratua. / @EtxeSindikatua

Etxebizitza Sindikatuak eta Erraki sareak salatu dute desokupazio enpresa batek etxebizitza bat hustu duela Gasteizko Abetxuku auzoan. Horrekin batera, gisa horretako enpresen aurrean jarduteko gida bat plazaratu dute.

Astelehen honetan, Etxebizitza Sindikatuak ohartarazi zuen berriki jakin duela desokupazio enpresa batek Abetxuku auzoan jardun duela uztailean. Okupatutako etxebizitzan bizi ziren pertsonak sindikatuarekin harremanetan jarri dira azken egunetan, gertatutakoaren berri emateko.

Desokupa faxistak kanpora lelopean, gertatutakoaren inguruko xehetasun gehiago emateko eta desokupazio enpresen praktikak salatzeko prentsaurrekoa egin dute asteazken honetan Etxebizitza Sindikatuak berak eta Erraki sareak, enpresa horiei aurre egiteko gida bat plazaratuz.

Azaldu dutenez, kaleratutako familia lau urtez bizi izan da Banco Popular banketxearen jabetzako etxebizitza batean, Abetxuku auzoan, desokupazio enpresa batek esku hartu duen arte. Izan ere, duela hainbat hilabete, etxebizitza hori banketxearen jabetzakoa izatetik putre funts baten jabetzakoa izatera igaro zen.

Orduan, putre funtsak desokupazio enpresa bat kontratatu zuen, eta apirilean etxebizitzan agertu ziren zerrailagile batekin, sarraila aldatzeko helburuarekin. Etxebizitza Sindikatuak azpimarratu duenez, "legez kanpo eta inolako agindu judizialik gabe" gauzatu nahi izan zuten etxegabetzea. "Etxebizitzaren jabeek, administrazioak eta Udaltzaingoak bertan jendea bizi zela erakusten zuten proba argiak zituzten: errolda zein polizien bisita etengabeek hori berresten dute", azaldu dute sindikatuko kideek.

Ondoren, ekainean, desokupazio enpresako bi kide —"matoi", bizilagunen arabera— eta abokatu bat bertaratu ziren. Sindikatuak azaldu duenez, bertan bizi zen pertsonetako bati sarraila aldatzearekin mehatxu egin zioten, bertatik alde egitearen truke eskaintza ekonomiko bat eginez.

Uztailaren hasieran familiak etxea utzi zuen. "Egoera jasanezin horretan, bertan bizi zen familiak dirua onartu eta etxea hustera derrigortuta ikusi zuen bere burua, ezetz esatekotan gertatu zitekeenaren beldur", azaldu du Etxebizitza Sindikatuak. "Ez da harritzekoa, duela hilabete batzuk Abadiñon ikusi baikenuen zein den enpresa hauen jokabidea kontrakoaren aurrean: etxeetara bortxaz sartu eta kolpe zein mehatxu bitartez bertatik joatera derrigortzen zaituzte", gaineratu dute, Desokupa talde ultraeskuindarrari erreferentzia eginez.

Desokupazioen aurkako gida

Abetxukun gertatutako kasua baliatuz, Etxebizitza Sindikatuak eta Erraki sareak desokupazio enpresen aurrean jarduteko gida praktiko bat plazaratu dute —gaztelaniaz—:

 

Desokupazio enpresak

Azken urteetan polemika handia piztu du bere burua "desokupazio enpresa" gisa aurkezten duen Desokupa taldeak. Konplexurik gabeko izaera zein estetika ultraeskuindar argiarekin, bere ibilbidea Katalunian abiatu zuen 2016an, eta ondoren Espainiako estatu osoan zehar jardun du. Jabeek kontratatuta, okupatutako etxebizitzak utzarazten dituzte epaitegien agindurik gabe.

2021eko apirilean, lehen aldiz esku hartu zuen Euskal Herrian, Abadiñon gauzatutako etxegabetze batean; Ertzaintzaren kolaborazioa salatu zuten orduan ahots askok. Handik egun gutxi batzuetara, maiatzaren 12an, Desokupak beste esku hartze bat iragarri zuen Bilbon, baina, auzokideen protesten ondorioz, iritsi aurretik buelta eman behar izan zuten.

"Desokupazio enpresa hauek matoi faxistaz osatutako talde parapolizialak dira, estatuaren hutsuneak betetzeko horren lan zikina egiten dutenak", salatu du Etxebizitza Sindikatuak. Gainera, "azken urtean ireki diren enpresa berriak, mozkin ekonomikoen biderketa eta Desokupa TB saioaren sorrera" salatu ditu, etxegabetzeak erabat gelditzeko eta proletalgoa antolatzeko beharra azpimarratuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago