Desokupak Gasteizen etxebizitza bat hustu duela salatu dute

Erredakzioa 2021ko uzt. 26a, 14:00

Desokupa bere burua "desokupazio enpresa" gisa aurkezten duen talde ultraeskuindarra da.

Etxebizitza Sindikatuak salatu du Desokupa talde ultraeskuindarrak edo antzeko enpresa batek etxebizitza bat hustu duela Gasteizko Abetxuku auzoan. Asteazkenean prentsaurrekoa deitu dute xehetasun gehiago emateko eta gertatutakoa salatzeko.

Astelehen honetan, Etxebizitza Sindikatuak ohartarazi du berriki jakin duela desokupazio enpresa batek Abetxuku auzoan jardun duela uztailean. Okupatutako etxebizitzan bizi ziren pertsonak sindikatuarekin harremanetan jarri dira azken egunetan, gertatutakoaren berri emateko. Sindikatuko kideek ALEAri azaldu diotenez, bizilagun horiek ez dituzte zehazki Desokupa enpresako kideak identifikatu, baina etxebizitza utzarazteko metodologia bera erabili zutela diote.

Oraingoz, ez dute gertatutakoaren inguruko xehetasun gehiagorik eman, baina gertatutakoari buruzko informazioa zabaltzeko eta enpresa mota horien praktikak salatzeko prentsaurrekoa deitu dute Etxebizitza Sindikatuak berak eta Erraki sareak, asteazkenean, uztailaren 28an, 18:00etan Abetxukuko beheko autobus geltokian; bertaratzeko dei egin diete prentsari eta herritarrei.

Desokupazio enpresak

Azken urteetan polemika handia piztu du bere burua "desokupazio enpresa" gisa aurkezten duen Desokupa taldeak. Konplexurik gabeko izaera zein estetika ultraeskuindar argiarekin, bere ibilbidea Katalunian abiatu zuen, eta ondoren Espainiako estatu osoan zehar jardun du. Jabeek kontratatuta, okupatutako etxebizitzak utzarazten dituzte epaitegien agindurik gabe.

2021eko apirilean, lehen aldiz esku hartu zuen Euskal Herrian, Abadiñon gauzatutako etxegabetze batean; Ertzaintzaren kolaborazioa salatu zuten orduan ahots askok. Handik egun gutxi batzuetara, maiatzaren 12an, Desokupak beste esku hartze bat iragarri zuen Bilbon, baina, auzokideen protesten ondorioz, iritsi aurretik buelta eman behar izan zuten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago