Txosnak, blusak eta neskak, Zeledon eta abar Gasteizko festetara etorri baino mende batzuk lehenago, festetan erraldoi eta buruhandiak ibiltzen ziren dantzan eta umeen atzetik korrika. Julen Diaz de Argotek, Gasteizko eta Euskal Herriko hainbat umek bezala, umetan ezagutu zituen, bere kasuan, haiekin maitemintzeraino: "Oraindik gogoratzen dut txikitan nire aitonak eta izebak zelan eramaten ninduten haiek ikustera blusaz jantzita, eta zelan nire aitak egindako erraldoitxo batekin haiekin joaten hasi nintzen". Xabier Izaga 11 urterekin hasi zen festetan txistua jotzen, Jose Maria Bastida Txapi-k gidaturik. Bingen Mendizabalek gogoan ditu txikitako paseilloa, su artifizialak, festetako giroa, orkestrak, txistulariak, baita Errobi taldea ikusi izana ere. Aroa Arrizubietak honela gogoratzen ditu festak haur begietatik, eta Uztailaren 19a doinuaz:
Txikitan aitaren sorbaldetan
Zeledon altu kantatzen
egoten nintzen txupinazoan;
edo plazetan dantzatzen,
zein gurasoen lagun onekin
pare bat zumito hartzen...
Umetan niretzat jaia zer zen
labur saiatuz azaltzen:
ingurukoak pozik ikusi
eta pozik jartzea zen
Festetako lehen sentipen berezi haiei eusten jarraitu zuen Diaz de Argotek: 16 urterekin sartu zen Gasteizko Erraldoi, buruhandi, zaldizko eta txoten konpartsan, bere anaia gazteagoarekin. 2017an konpartsaren 100. urteurrena izan zen, festak hasi baino egun batzuk lehenago bertan atzo eta gaur ibilitako hainbat lagun elkartu ziren; oroitzapen hori du bereziki kuttun: argazki zaharrak elkarrekin ikusi, belaunaldi ezberdinak beren artean solasean, beste hiri eta herrietako konpartsak Gasteizera etortzea, Gasteizko Blusa eta Nesken elkarteak ematen duen ikurrina, udaletxearen harrera… Konpartsarentzat halako ahalduntze bat izan zen, beste urte askotarako energia txute bat. Hala ere, abuztuaren 9an, festetan egin ohi duten agurrarekin arantzatxo bat ere badu: San Antonio kalean ordez, Plaza Berrian izatea guragoko luke: banda munizipalarekin batera eta konpartsako pertsonaia bakoitzari (erraldoi, buruhandi, zaldizko eta txotei) paper berezi bat emanez, Iruñean egin ohi duten bezala, jende gehiagok ikusi dezan.
Mendizabal nerabezaroan hasi zen txistulari ateratzen Txirrita kuadrillakoekin, 16 urte zituela, eta Gartsuak kuadrillarekin ere ibili zen. Izaga, berriz, hainbat kuadrillarekin ibili zen: Los del 7, los de la i, Saguzahar, Irrintzi... Eta euren musikari lagunak: Txus Gutierrez, Jesus Mari Elorriaga Kopi, Tito Aldama, Mikel Delika... Nerabe haiei, beste hainbati bezala, dena aldatu zitzaien orduan: parranda ezagutu zuten. Arrizubietak ere antzeko kantatzen du:
Nerabezaroan lagunekin
egoten nintzen barrezka,
gozatuz txosnaguneko rock-a
edo Fueros-eko SKA
Vodka-Limak zein kali katxi-ak
egin artean gainezka;
gero gurasoak izateko
"zer edan duzu?" galdezka.
Errutinatik ateratzeko
aitzakia bat zen festa.
Festen errito iniziatikoek aldaketa bortitza ekarri ohi dute: Mendizabalen lehen harremana txistuarekin, bere arreba nagusiarekin batera, ume guztien partiturak lumatxoaz idazten zituen Felix Ascaso maisuarekin izan zen; bat-batean txistua kalejiran eta parrandan ibiltzeko tresna zen. Batetik, trebatze aldera oso eskola ona zen, ordu pila bat jotzen ibiltzen zirelako, janari eta edariaren truke; bestetik, alkohola, lehen ligeak, gorputza mugara eramatea... Izan ere, nola galiarrei edabe magikoa lotzen zaio parrandari alkohola. Mila anekdota eta pasadizo ditugu gehienok. Lagun batek Mendizabalek ligatu zuen batean, etxera igo eta ia erre zitzaien: esnea berotzen jarri, biak lo gelditu, esnea erre, armairuak su hartu, etxe guztia kez beterik. Mak taldeak kantatu bezala: Barkatu, ama, ez dut berriro egingo!
Alkohola eta tabakoa aspaldikoak eta onartuak diren drogak dira. 70. hamarkadaren bukaerako Gasteizen, ia droga bakar. Ez ordea 1997an, Belen Nevadok gogoratzen duenez, berak emotikonoak smartphonean ez, kartulina txiki batzuetan ezagutu zituen. Garai zoro haietan Gasteizko parke askotan, baita Andra Mari Zuriaren plazako jardinetan ere, landatu zituzten marihuana landareak. Oraindik barre egiten du Gaztetxeko parrandak gogoratzen, non pertsona guztiak emotikono haiek baino xelebreago egiten zitzaizkion, eta Tiro al Blusa egiten zuten. Izan ere, Gasteizko 80. hamarkadan hasi ziren punky eta blusen arteko liskarrak.
Nevadoren giroa punkya eta feminista zen; bereziki gogoan ditu Pipi kolektiboko lagunak. Hala Bedin antzerki irratsaio bat egiten zuen: El cuarto espacio. Hori dela eta, txandak egiten zituen Jastepi tabernan, Zapan, izan ere, irratia orduan taberna horren gaineko pisuan zegoen, eta gastuak eta txandak konpartitzen zituzten.
Taberna ez zen ixten festa guztietan zehar, egunero bi orduz baino ez garbitzeko. Eta Nevadok eta lagunak goizeko seietan sartu behar zuten, taberna garbitu eta irekitzeko. Enegarren gaupasa eginda joan ziren, eta iristean punky kuadrilla handi bat zegoen atean zain. Gasteiztik kanpokoak ziren: begi-zulo eta matrail-oker, hain beldurgarri ezen lehen kolpean aurretik pasa eta ez ziren taberna irekitzera ausartu. Handik metro batzuetara, ordea, buelta erdia eman, eta atea zabaltzera joan ziren, baina Belen rules: Taberna irekiko dugu, baina lehenik garbitu behar dugu. Ondoren atea ireki, garbitzeko flu-flua eskuan hartu eta: Orain sartu ahal zarete, baina lehenik txupak kendu behar dituzue, armak lurrera bota eta besoak gora edo hementxe bertan garbituko zaituztegu! Gero Fragel rock-eko kanta jarri Para disfrutar, tus problemas déjalos... eta behartu zituen banan-banan armonian sartu eta kantarekin batera txalo-jotzen.
Bereziki gogoan du jaietako txosnetan La Seta Pasote taldearekin eman zuten kontzertua, gorriz margotutako tanpaxak botatzen zizkieten aurrealdean zeuden mutilei eta horrela uxatzen zituzten, Begira, neskak, ze erreza den lekua egitea! Borroka bat ere izan zuten beren letrengatik kontu eske joan zitzaien mutil batekin. Gasteizen, epaile batek mutil bat bortxaketa delitutik errugabetu zuen neska kalean txiza egiten ari zelako: "En esta ciudad una tia no puede mear en la calle, a eso el juez lo llama provocar, tienen el derecho a violar!".
Izan ere, beste eztabaida luze bat izan da festak politizatzearena. Nork politizatzen ditu festak, La Seta Pasoteren letrak ala epaileak? Arrizubietaren hirugarrena:
Baina saiatu ezkero festa
objetiboki aztertzen,
nik ez dut "sistematik kanpoko
zerbait" gisara ulertzen.
Industria handienen nahiak
ez ote ditu asetzen?
Eta jarrera biolentoak
ez al dira nabarmentzen?
Beraz honi aurre egiteko
behingoz antola gaitezen.
Izagak gogoan du nola politizatu ziren festak 1976an eta 1978an. 1976an blusa kuadrilla guztiek, batek izan ezik, erabaki zuten festetan ez ateratzea 1976ko sarraskiagatik. Orduko Zeledonek ere –Jose Luis Isasik– ez ateratzea erabaki zuen (ordezko bat jarri bazuten ere).
1978an preso politikoen amnistiaren aldeko aldarriak zabaltzen hasi ziren. Blusa egunean, blusek antolatutako zekorketan, pankarta batekin atera ziren plaza erdira, txistu eta txaloen artean (gehienek txistu), eta blusa batzuk joan ziren korrika pankarta hori kentzera. Indarrez atera zituzten pankartadunak, baina, orduan, Jesus Mari Alegria Pintu, berriz plaza erdira atera eta presidentziari eskuaz ukondo barrualdea joaz pikutara bidali zituen. Ez omen du inongo torerok bere korrika saio haren errekorra gainditu.
1979an atera zen lehen neska kuadrilla festetan: Lamiak. Lehenago 1967ra arte paseilloan Las manolas ateratzen ziren, hiru emakume panpox jantzita eta peinetarekin kabriolet batean. Izagaren ustez, blusak ez dira matxistagoak gainerako gizonak baino, baina egia da, bere ustez, kuadrillako talde babesean jarrera eta eraso matxista asko harrotu eta zuritu direla.
Zezenketak beraiek ere eztabaidagai luzea izan dira. Mendizabalek gogoratu ditu toreroak beren auto handietan plazara iritsi eta Txirritakoek lugunba edaria nola botatzen zieten kristalera. Kuadrilla horretakoek eta beste askok ez zuten zezenketara sartzeko jarrerarik, eta azken urtetan ez da zezenketarik egon Gasteizen.
1978an hil zuten German Rodriguez sanferminetan, eta Izagaj galdera erretorikoa bota du: "Nork politizatzen ditu festak?". Arrizubietaren bertsoa festak areago politizatu beharraz mintzo da:
Nahiz honek sor diezagukeen
momentuko ernegua,
jai mota alternatibo soil bat
ere ez da sostengua.
Ekidinez jarrera bortitzek
dakarten sufrimendua,
sor dezagun eraiki nahi dugun
gizartean aierua:
politikoki antolatzen den
aisialdi eredua
Baina ezin artikulua bukatu festen sostengua den tabernarien gremioa lerrotara ekarri gabe. Nagore Lazkano 2006tik aritu da Txapelarri tabernan lanean. Oñatitik etorri zen Gasteiza eta tabernan sartuz geroztik urtero "jan" ditu festak barra atzetik. Hala, ez da arraroa bere oroitzapenik kuttunenak abuztuaren 9arekin lotuak izatea. Egun horretan alde zaharreko tabernari askok tabernak itxi eta txosnetara parrandan joateko ohitura dute. Kutxiko katuek (kutxi behealdeko hainbat taberna) elkarrekin joateko ohitura dute, tabernak itxi, tabernariek taberna barruan zerbait jan eta gero elkarturik txosnetara jaitsi. 2015. urtean katuek ideia zoro samarra izan zuten: txosnetara iristean, giza piramide bat, castell bat osatzea. Bidean, ideiari forma ematen joan ziren, tabernariak nola banatu pentsatu eta azkenean lau mailakoa osatu zuten, Omar buru hartuta. Sinetsi beharrean gaude, nahiz eta Omar ez den gogoratzen eta ez dagoen amaren katurik argazkirik gorde duenik.
Festetan milioika neurona hilik, eta argazkiak milaka egin arren, batere ez inprimatzeko dugun joerarekin, laster ezingo dugu ezer gogoratu. Baina, tira, onerako edo txarrerako: itzuliko ahal dira festak? Ze festa?