Gasteizko Jaiak 2021

Linotipiatik diseinu grafikora

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko uzt. 30a, 08:30

XIX. mendekoak dira Gasteizko jaien lehen kartelak. ALEA

Zezenak, manolak, toreatzaileak, blusak, neskak, Zeledon... denak izan dira Gasteizko jaietako kartelen protagonistak azken hiru mende hauetan. Irudirik gabeko afixak ere izan ziren, XIX. mende hasieran.

Gasteizko jaiak iragarri dituzten artelanen errepasoak hiru mende hartzen ditu, hiriko jaien lehen kartelak XIX. mendekoak baitira. Bitxikeria historikoa izateaz gainera, afixek artista plastikoak ezagutzeko aukera ematen dute, eta jaiari lotutako tradizioen bilakaeraren isla dira.

XIX. mendean, apainduta agertu aurretik, Gasteizko kartela festen egitarau ofizialaren azaleko irudi bat zen, eta bertan testu soila agertzen zen. 1890etik aurrera, ordea, eskuko programa ofizialaren azalean, jaiaren ekitaldiak sustatzeko apaingarriak sartzen hasi ziren. Adrian Aldekoa marrazkilaria da lehen kartelgile nagusia, 1916tik 1930. urtera arte. Ondoren, Juan Angel Saenz de Ugarte eta Obdulio Lopez de Uralde gailendu ziren, guztiak Ignacio Diaz de Olano margolari kostunbristaren jarraitzaileak eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako ikasleak.

Lopez de Uralde ezaguna da zezenketei eskainitako kartelengatik, eta manola ospetsuengatik nabarmendu zen. Aipatzekoa da 1948ko jaiak iragartzen dituen kartela: Plaza Berriko balkoi batean manola batzuk erretratatzen ditu, zezenketa bat ikusten, hirian izan ziren beste zezen-plazak eraiki aurretik.  1970eko hamarkadara arte, kartelek ohiko ezaugarriak zituzten: Zeledon, San Migel dorrea, Gasteizko armarria, blusak, zezenketak edo folklorea. Halere, Andre Maria Zuriaren aipamenik ez dago 1943. urtera arte. Jai Handiak edo Gasteizko Jaiak besterik ez dira aipatzen horietan.

1961. urtean, emakume bat kartelaren diseinatzailea den lehen aldia da –Rakel Askasibar–; eta 1977an, berriz, euskarazko kartelak ere egiten dira lehen aldiz –kasu horretan bi egin ziren, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz–. Abuztu horretan eta hurrengoetan "agorrila" idatzita agertzen da, baina 1987an, batuaren "abuztu" forma hartzen dute afixek. 1978an, kartel elebiduna egiten den lehen aldia da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago