Duela hamar urte inguru, EH Bilduren sorrerarekin batera, politikaren lehen lerrora jauzi egiteko hautua egin zuen Felix Gonzalez San Vicentek (Gasteiz, 1964). Atzera begira, gogoan du garai horretan zegoen "ikaragarrizko ilusioa". Bide beretik, duela sei urte, eta Maroto alkatearen garaian Gasteizen zegoen "giro gaiztotua" ikusita, udal zerrendetan joatea erabaki zuen. Udal politikagintzan ohikoa den moduan, mahai gainean gai andana pilatzen zaizkio Gasteizko EH Bildu udal taldeko bozeramaileari.
Arlo pertsonalean, asko aldatu al da zure bizitza zinegotzia zarenetik?
Zerrenda batean agertzeko pausua emanda, eta etxe honetan sartzean, egia da bizitza asko aldatzen zaizula. Momentu horretatik aurrera, pertsona publikoa izatera pasatzen zarenean, zure bizitza pribatuan egiten duzunak badu isla bat zure bizitza publikoan; eta alderantziz. Oso ohikoa da kalean ibiltzea, eta norbaitek geraraztea, arazoen berri emateko. Baina hau beste zinegotzi kideei ere gertatzen zaie. Bestetik, sei urte hauetan ikasi dut hemen gauzak abiada bizian doazela... tira, ez dago aspertzeko batere denborarik, ez.
Bizitza publikoa eta pribatuaren arteko lotura aipatu didazunez, Larrion afera datorkit burura, halabeharrez. Jendeak jarraitzen du galdezka, nik bezala?
Kontu hori oso denbora gutxian gainditu behar izan genuen, baina lehenagoko helburu eta lanekin jarraitzen dugu udal taldean. Haren bizitza pribatuan gertatutako zerbaiten ondorioz, taldea utzi zuen. Bat-bateko kontua izan zen, ezin esperokoa, eta ezin azaltzeko modukoa. EH Bilduk egunean bertan, eta ardura askorekin, pausuak eman zituen, eta udal taldean berdin jokatu genuen. Horregatik naiz ni, hain justu, bozeramailea, eta zerrendetan zegoen seigarrena ere sartu zen; oso gazte prestatua, bide batez.
Udaletxe honetan bertan, Marotori entzunak genizkion immigrazioa eta dirulaguntzei buruzko istorioak, tresna politiko gisa. Asko aldatu al dira gauzak?
Maroto kanpoan utzi ahal izateko, pausu izugarri bat eman behar izan genuen: bigarrenak izanda, hirugarrenari bidea utzi genion. Egin behar izan genuen, gizarteak hori eskatzen zigulako. Tamalez, politika desberdin bat egiteko garai hartan zegoen nahia laster pitzatu zen. Aurrekontu akordio bat bultzatu genuen, baina bertan txertatu nahi izan genituen politika berrien garapena ez zen gauzatu.
Eta, orain, nola dago harremana udal gobernuarekin?
Gizartean badago gehiengo bat politika berri baten alde lan egitea eskatzen duena. Gobernuak bere hizkuntzan politika horri lotutako terminoak sartu ditu, baina, gero, desberdina da esaten duena eta praktikan jartzen duena. Eskuinerako norabidea hartzen ari da. Marotok immigrazioaz egiten zuen erabilera aipatu duzu. Bada, duela gutxi ikusi dugu Olarizuko etxebizitzen gaian nola PPk uxatzen zituen okupazioarekiko beldurrak, eta EAJk mezu hori nola erosi dion. Beraien arteko lehia bat dago, ea zeinek duen diskurtsorik gogorrena. Gogor agertzen dira ahulenen aurrean, baina apal boteretsuenen aurrean.
"Gogor agertzen dira ahulenen aurrean, baina, aldiz, oso apal boteretsuenen aurrean".
Olarizuri dagokionez, zein da zuen proposamena?
Olarizurena sintoma bat da, azalera atera den arazo larri baten adierazpena. Hor bazegoen kolektibo bat, pobrezia eta bazterketa sozialak pairatzen dituena, eta azkenean horrelako muturreko egoera batera jo behar izan duena. Bestalde, guk aspaldi proposatu genuen posible zela etxebizitza horiek birgaitzea eta gazteen emantzipazioa sustatzeko bideratzea. Udal gobernuak urte askotan etxebizitza horiek hutsik izan ditu, eta azkenean okupazio hori agertu zen. Zertarako eraitsi, ba? Hor azaleratzen da benetako asmoa: alkateak esan du 350 etxebizitza eraiki nahi dituztela, libreak eta jabetzan. Baina Gasteizen alokairu soziala behar duten 9.000 inguru eskaera daude. Badirudi norbaitek erabaki duela Gasteizko hegoalde inguru horretan sortu behar dela goi mailako eremu bat. Udal gobernuak etxebizitza politika bat egiteari uko egin dio. Gainera, udal honek 300 etxebizitza baino gehiago hutsik ditu. Zentzu horretan, ez da legea betetzen ari.
HAPO edo hirigintza plan berria negoziatzeko garaia iritsi da. Hor gai andana sartzen direla jakinda, zein nabarmenduko zenuke?
Egia da hor gai pila daudela. Batetik, etxebizitzak egiteko moduko lurrak soberan ditugu. Oro har, gure planteamendua da oraindik urbanizatu ez diren orubeak ez ukitzea: desklasifikatzea eta berriro nekazaritza lurrak izatea. Baina udal gobernua ez dago prest hori egiteko. Berdin gertatzen da ekonomia jardunetarako lurrekin: ehunka hektarea daude, sektorizatu gabe: aireportuan eta Miñaoko parkearen inguruan, batez ere. Gure planteamendua da horiek ere nekazaritzara bideratzea, ez bada tartean proiektu zehatz bat, Miñaoko gigafaktoriaren kasuan bezala.
Beraz, Miñaon bateriak fabrikatzeko proiektu horri oniritzia emateko prest zeundekete?
Proiektu hori erreala bada, benetakoa, traktorea, estrategikoa, interes publikoari mesede egiten diona, ingurumenarekiko arduratsua... betekizun horiek betetzen badira, gu prest gaude hori aztertzeko, lur horien zati bat sektorizatu eta horretara bidera daitezela errazteko.
Mugikortasunaren afera aspalditik polemika iturria da hiri honetan. Ni, behintzat, galduta nago jada.
Egia da Gasteizen proiektu asko egon direla; horietatik, asko aurrera joan dira, eta batzuk atzean gelditu dira. Adibidez, behin eta berriro aipatu izan da superetxadien kontua. Non daude mugikortasunaren zelula izan behar omen zirenak? Ez daude. Orain, azkenengo momentuan, udal gobernuak aurrekontuan sartzen ditu, non eta Zabalganean. Ez gaude kontra, noski, baina zerbait hanka-motz dabilen sintoma da hori. Gure proposamenen oinarrian dago mugikortasuna izatea jasangarria, osasuntsua eta segurua, eta horretara bideratuta egon dira aurkeztu ditugun proposamen guztiak.
Hona bizikletan nentorrela, ez nekien oso ondo nondik joan nintekeen. Noiz argituko da hau guztia?
Atzera bota den azken ordenantzan, udal gobernuak bizikletak espaloietatik atera eta errepideetara eraman nahi zituen, baina gaur egun errepideak ez daude prest txirrindulariak hartzeko. Horretarako, azpiegituretan inbertsioak egin eta trafikoa moteldu behar da. Guk proposatu dugu Gasteiz izatea 30 [kilometro orduko] hiria, oro har, abiadura hori txertatzea erreferentzia nagusi bezala. Baina EH Bilduren proposamena zenez, atzera bota zuten, harrokeria hutsagatik.
Jundizera tranbia eramatea ere proposatu duzue. Zergatik tranbia?
Abiapuntua dago Zabalganera tranbia eramateko proiektuan. Hori trenbidearen lurperatzeari baldintzatuta geratu zen, baina horrek eraman gaitzake 2030. urtera arte. Gure proposamena izan da hori guztia berrikusi eta tranbia Jundizera eramateko aukera aztertzea. Industrialde horretara 20.000 langile inguru joaten dira egunero, eta eduki eta kalitate handiko garraio sistema bat ahalbidetzea mugikortasun horretan oso lagungarria izan zitekeen. Agian beste maiztasun eta ordutegiekin, noski, eta intermodalitate neurri osagarriak jarrita. Ezezkoa jaso genuen. Norabide berdinean, eskatu dugu begiratzeko hiri honetan non jarri daitezkeen disuasio aparkalekuak.
Merkataritza txikiaren egoera txarrera doa Gasteizen.
Bai, eta joera hori oso argi ikusten ari da erdialdean; neurriak behar dira. San Prudentzio etxadiaren aferarekin argi geratu da egoera. Erdialdearen birgaitzea promotore pribatu baten eskuetan utzi izan da. Halako egitasmoak aurkezten dituenean, alkatea bulartsu azaldu ohi da, baina gero ikusi da pertsona bakar batek bildu dituela etxadi horretako lokalak. Ondoren, argudiatzen da proiektu pribatu bat dela, eta ez dagoela ezer egiterik. Proiektu horretan hasieran aurreikusita ez zeuden aldaketa batzuk planteatu dira orain. Alkateak bere garaian esan zuen bazuela promotorearen hitza, elikagaiak saltzeko azalera handirik egingo ez zutela eta... tira, dagoeneko bat jarri dute. Berdina gertatu da barruko galeriei dagokienez. Halakoak egiteko, gu prest azaldu ginen plan orokorrean beharrezkoak ziren aldaketak egiteko. Funtsean, ahoa bete zaie esanez merkataritza txikia indartu behar dela, baina argi dago gero ekintzak beste norabide batean doazela.
"Energiaren alorrean, orain oihanaren legea ikusten ari da. Hori guztia arautu behar da".
Biktimen memoriala inauguratu berri dute Gasteizen, baina emaitza kritikatu duzue. Zergatik?
Egunaren inaugurazioko irudia ikustea besterik ez dago. Urrutiko horiek etorri ziren inauguratzera, eta hemengo agintariak gonbidatu mutu bezala egon ziren. Agerian geratu zen memorial horrek ez duela jasotzen memoria oso baten kontakizuna. Are gehiago, Gasteizen, Martxoak 3ko gertakari latzak bizi izan zituen hirian. Poliziak egun horietan egindako basakeria ez dago jasota, ezta Euskal Herrian egon diren beste biktima askoren memoria ere. Gainera, oraindik ere entzuten da noizean behin halakoak estatuko aparatuko kide bati eskua joan zaiolako gertatu izan zirela.
Iñaki Garcia Calvo PPko kide eta zinegotzi ohiaren erasoa behar bezalako irmotasunarekin salatu ez izana leporatu zaizue. Zer duzue esateko?
Hori gertatu eta lehen momentutik bertatik, nire ahotik, Gasteizko EH Bilduk argi eta garbi arbuiatu eta gaitzetsi zuen gertatutakoa. Kaltetutakoei elkartasun osoa adierazi genien. Udal honetako talde politiko guztiek gaitzetsi dugu, baina batzuek nahiago izan dute mezu bat sartzea, nolabait gaitzespen horren terminoen kontura. "Nire gaitzespena zurea baino hobea" dela argudiatuz. Azkenean, kalkulu politiko batengatik, lehenetsi dute EH Bildu kanpoan uztea. Baina guk gainerako taldeei argi adierazi genien gure gaitzespen formulak besteenak bezain zuzen eta indartsuak direla, eta beraiek proposatutakoak ere gureari ez diola ezta pittin bat indar gehiago ematen.
Gasa, eolikoak, fotovoltaikoak... energiaren inguruan izugarrizko polemika dago. Araba mailan, zuek proposamen bat egin berri duzue. Zertan datza?
2050. urterako Araba karbonoan neutroa izatea lortu nahi dugu, 2030. urtea tarteko mugarritzat jarrita. Proposamen zehatzak dira. Adibidez, fotovoltaikoetarako, antropizatutako espazioak baliatzea proposatzen dugu, dagoeneko ukituta daudenak. Errepideetako erdibitzaileak, adibidez. Dagoeneko eraikita dauden parke eolikoei etekin gehiago atera dakiekeela uste dugu, jarri zirenetik teknologia asko hobetu delako. Gasteizerako aurkeztu genuen aurreko plan batean argi ikusten zen, adibidez, eraikinetako teilatuak aprobetxatu daitezkeela. Badakigu jo behar dugula energia berriztagarrietara, baina orain ikusten ari dena da oihanaren legea: inbertsio funts eta enpresa handiek interesa dute Lautadan, baina hori guztia arautu eta planifikatu beharra dago. Horretan, kontuan hartu behar dira ere energia kudeatzeko sortu diren kooperatibak, ez soilik monopolio handi hauei ateak ireki.
Apasos elkartearen harira jazotakoak ere zeresana eman du...
Gertatu dena oso larria da. Emakume batzuek sexu-jazarpenak eta tratu txarrak salatu dituzte, baina Udalak ez die sinetsi. Eta hori gertatu da, gainera, txakurtegian, berez Udalarena den egoitza batean, hain justu. Hor emakume batzuek pairatu behar izan dute egoera hori, eta, gainera, zegoen protokoloa ez da martxan jarri. Hori gertatu baldin bada, non eta udal egoitza batean, argi dago protokolo horren edukiak berrikusi beharko direla, eta argitu behar dela zergatik ez den martxan jarri.
Alkatetzarako hautagaitzat ikusten duzu zure burua?
Tira, oraindik ez da unea horretaz hitz egiteko. Denbora asko falta da, eta, unea iristean, EH Bilduk badu horretarako prozesu bat zehaztuta.
Eta, momentua, iritsita, udal gobernu bat osatzeko prest egongo al zinateke?
Aukera horri buruz, berdina gertatzen da. Hauteskundeen unea iritsita, herriak erabaki beharko du. Izan ere, udal honetan bada gobernu bat, EAJ eta PSE alderdiek osatutakoa, baina badira gobernuan isla ez duten beste gehiengo batzuk ere. Bada bat erabakitzeko eskubidearen aldekoa, eta baita politika progresista eta ezkerrekoen aldekoa den beste bat: PSE, Elkarrekin Podemos eta gu geu. Azkenean, orain dagoen gobernua, gauza garrantzitsuetarako, beti eskuinarekin lerrokatzen da. Baina, guretzat, garrantzitsua izango litzateke hurrengo urteei begira, nola edo hala, ezker progresista eraldatzaile horren indarra berpiztea, eta Udalean isla izatea. Garbi geratzen ari da EH Bilduren aukera guztiz eraginkorra dela eskuinari bidea ixteko, jokatzeko kide baliagarria dela. Noizbait EH Bilduren aurrean jarriak zituzten horma horiek, gainera, gero eta meheagoak dira.