Maletak egiten harrapatu du ALEAk Kilker Mobility enpresako sustatzaile Xabi Borinaga, egoitza Betoñuko industrialdetik Miñaoko parke teknologikora aldatzen dutelako.
Enpresa berria da Kilker Mobility. Zergatik erabaki zenuten mugikortasun elektrikoaren alde egitea?
Aspalditik gabiltza mugikortasunaren alorrean murgilduta, eta adi gaude. Ikusi genuen bizikletekin hobetzerik ez zegoela, baina bai, ordea, patineteekin. Orain dela hiru bat urte, bakoitzak bestelako lan bat zuen bitartean, jolasean hasi ginen, probak egiten. Eta pixkanaka proiektua gauzatzen joan gara.
Bidea ez da samurra izango, baliabide ekonomiko garrantzitsuak beharko direlako horrelako egitasmo bat martxan jartzeko…
Hala da. Hori da, hain justu, dugun arazo handiena. Laguntza ekonomiko handia behar da horrelako proiektu bat abian jartzeko.
Zertan bereizten dira Kilkerren diseinatu dituzuen patineteak merkatuan dauden besteetatik?
Kalitatean eta segurtasunean dago aldea. Orain merkatuan dauden patinete ia gehienak jostailuak direla uste dugu. Baina, garraiorako egunero erabiltzen dugun ibilgailu bat ez da jostailu bat, eta patineteekin hori gertatzen da. Horren inguruan pentsatzen hasi ginen urte asko iraungo duen kalitatezko eta segurua den patinete bat nola garatu. Gureak egonkortasun handia du, gurpil handikoa da eta balazta onak ditu.
Bi patinete mota dituzue eskura...
Bai. Batetik, Kilker Zero dago, hiriko beharrak asetzeko sortuta dagoena; eta bestetik, Kilker Mendi, mota guztietako lurretan mugitzeko aukera ematen duena. Oraingoz, bi horiekin atera gara merkatura. Badauzkagu, bestalde, beste bi edo prototipatuta, baina oraindik ezin ditugu ekoiztu; horietako bat tolesgarria da.
Euskal Herrian eginak dira, gainera.
Saiatzen gara ahalik eta gehiena bertan egiten. Elektronika Txinatik dator, hemengo aukerak aztertzen bagabiltza ere. Baina, gehiena, bertakoa da. Bateriak, esaterako, Barakaldotik ekartzen ditugu, eta txasisa arabarra da.
Nolako harrera izan dute patineteek orain arte?
Pozik gaude. Udaberrian crowdfunding kanpaina bat jarri genuen martxan Kickstarter plataforman eta nahiko ondo atera da, ia 30 patinete saldu ditugulako. Gainerako patineteekin alderatuta, nahiko garestia da gurea, eta gainera ikusi eta probatu gabe kopuru hori saldu izana, pozgarria da. Kontuan hartu behar da Kilker Zerok 1.500 euro inguruko kostua duela (BEZa gabe) eta Mendi apur bat garestiagoa da.
Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) egindako legeak aurreikusten du patinete elektrikoak ezin direla errepide txikietatik joan, ezin dira bazterbideetatik ere joan; eta hori arazo bat da.
Bestalde, azkenaldian asko ugaritu dira patinete elektrikoak. Nola ikusten duzue Gasteiz horrelako ibilgailu batekin mugitu ahal izateko?
Azpiegiturei dagokionez, nahiko ondo pentsatuta dago, oinez dabilen jendea oraindik ere ohitu ez den arren. Baina, arazo bat dago: iaz horren inguruan Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) egindako legeak aurreikusten du patinete elektrikoak ezin direla errepide txikietatik joan, ezin dira bazterbideetatik ere joan. Bizikletarekin, aldiz, lasai asko ibil zaitezke. Eta hori arazo bat da, Gasteizko hirigunetik ibiltzeko aukera duzulako, baina ez Armentiatik edo hiri ondoan dagoen herri batetik. Ibilgailu horien potentzialaz jabetzen direnean, puntu hori laster aldatuko dutelakoan gaude, itxaropentsu gaude. Herri artean mugitzeko oso praktikoa delako.
Gasteizera bueltatuz, Udalak patineteen gaineko araudia onartu zuen urte hasieran. Egokia al da? Erabiltzeko arauak argiak al dira?
Nahiko argi dagoela iruditzen zaigu, bai. Orain erabiltzaileek ibilgailu hauekin zelan ibili behar diren ikasi behar dute; alegia, errepidea erabili behar dutela, ezin direla espaloitik joan. Baina, hor beste arazo bat dago, ez horrenbeste patinete handiekin, txikiekin, jostailuekin, baizik; arriskutsua iruditzen zaigu mota horretako patineteekin auto artean ibili behar izatea.
Udal bakoitzari dagokio horren inguruko bere araudi propioa onartzea. Ez litzateke hobeagoa izango guztiontzako araudi bera izatea?
Guretzako, saltzaileentzat, konplikatua da ezin ditugulako udalerri guztien araudiak ezagutu, eta saltzerako momentuan nahiko konplikatuagoa da, bai. Hortaz, samurragoa izango litzateke guztiontzako araudi bera egotea, baina oraingoz hori da dagoena. Merkatu berria da, bat-batean harrapatu gaitu eta legeak ahal duten moduan egiten ari dira; baina ziur gaude denborarekin aldatzen joango dela. Guk, oraingoz, bezeroei esaten dieguna da patinetea erosi aurretik ondo begiratu dezatela tokian tokiko araudia.
Proiektu berririk al duzue esku artean? Zuen asmoa, oker ez banago, ez delako patineteetara mugatzen, ezta?
Hala da. Gure potentziala, azken finean, ingeniaritzan dago, gauza berriak asmatu nahi ditugu, eta, beraz, badauzkagu bestelako egitasmoak buruan. Esaterako, bizikleten alorrean, motor bat diseinatzekotan gabiltza. Hori bai, ahalik eta gehien bertan eginda, hemengo ekonomian lanean. Ni, hainbat urtez, munduan barrena ibili naiz eta ezagutu ditut bestelako herrialdeak eta Euskal herriko ekonomiak potentziala duela uste dut.