Urritik aurrera, 361 lantegi eskainiko ditu Bizan sareak

Erredakzioa 2021ko uzt. 20a, 10:00
60 urtetik gorako boluntarioek zenbait lantegi emango dituzte. / BIZAN SAREA

Bizan sarearen jarduera programazio berriaren barruan, besteak beste, adineko boluntarioek hainbat ikastaro emango dituzte. Guztira 361 ikastaro eta 3.907 leku eskainiko dira urritik aurrera, eta horietako batzuetan izena emateko aukera zabalik dago.

Lehengo adinekoentzako zentro soziokulturalek osatu berri duten Bizan sareak 2021/2022 denboraldirako jarduera programa aurkeztu du. Eskainiko dituzten 3.907 leku eta 361 ikastaroen artean.

Berritasun nagusia lantegi sortzaileak izango dira: 60 urte edo gehiago duten boluntarioek emango dituzte, haien ezagutzak gainerako herritarrekin partekatzeko. Hamar urtetik gorako herritarrentzat izango dira, lantzen den gaiaren arabera: adibidez, gazteenak poesiaren txokora joan ahal izango dira, eta 60 urtetik gorakoek, berriz, areto dantzak ikasi edo literatur solasaldi batean parte hartu ahalko dute. Jarduera multzo horretan, halaber, belaunaldien arteko baratzea, yoga hastapenak eta Veneziako maskaren lantegia ere antolatuko dira.

Halaber, San Martineko Bizan zentroko adinekoek laguntza akademiko eta emozionala eskainiko diete inguruko ikastetxeetako ikasleei.

Bestalde, Koroatzeko zein San Prudentzioko zentroetan Konektatu programa garatuko dute, beste pertsona batzuei aukera emateko teknologia berriak baliatuz maite dituzten pertsonekin online konektatzerik izan dezaten.

Bi ikastaro multzo

Datorren ikasturtean, beraz, Bizan sareak bi ikastaro multzo eskainiko ditu: alde batetik, izen-ematearen hurrenkeraren arabera banatuko dira 138 ikastaroko lekuak; beste 223 ikastarokoak zozketa bidez esleituko dira, irailaren 3an. Azken horiei dagokienez, dagoeneko ireki da izena emateko epea, 010 telefonoaren bidez, Bizan sarearen webgunean edo aurrez aurre, BIZAN sarearen hamasei zentroetako batean edo gizarte etxeetako zein kirol instalazioetako herritarrei laguntzeko bulegoetan, hitzordua eskatuta.

Zozketarik behar ez duten jarduerei dagokienez, irailaren 2an hasiko da izena emateko epea. Lantegi sortzaileez gain, honako hauek izango dira multzo horretako ikastaroak:

  • Belaunaldien arteko ikastaroak: adinekoen taldeek beren ezagutzak eta bizipenak partekatuko ditituzte beste adin batzuetako pertsonekin; familiarteko dantza, ipuin kontalariak eta ahozko tradizioa, besteak beste.
  • 18 urtetik gorako herritarrei irekitako lantegiak: Bizan sarearen txartela izan beharrik gabe, sare sozialak, artea kaleetan, cardioswing, podcastak, nutrizioa eta bestelako gai batzuk jorratuko dira.
  • Erorketen prebentziorako ikastaroak.
  • Gela irekiak: pintura, zurgintza, mugikorra erabiltzen ikastea, hiri baratzea, ingelesa, euskara, bideo edizioa…

Bestalde, zozketa duten ikastaroen artean gai hauek eskainiko dituzte:

  • Hezkuntza, eskulangintza eta teknologia ikastaroak: poesia, zeramika, sukaldaritza, argazkigintza digitala, euskara, ingelesa, informatika, irratia...
  • Zaintza fisiko, kognitibo eta psikologikoa lantzeko jarduerak: aerobic, abesbatza, suspertze psikosoziala, emozioen kudeaketa, pilates, antzerkia, euskara 55 urtetik gorakoentzat...

Era berean, 75 urtetik gorakoentzako taldeak ere antolatuko dira, haientzat berariaz pentsatutako jarduerekin. Ahulago dauden pertsonen eskaerei erantzungo diete: gimnastika arina, mugimendu eta ariketa arinak, psikomotrizitatea eta suspertze psikosoziala, besteak beste. Horrez gain, beste zerbitzu eta programa batzuk izango dira, hala nola Piztu zure auzoa edo hirian banatutako 10 osasun parkeetan egin daitezkeen ariketa saioak.

Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak nabarmendu du lantegiak emateko izena eman duten adinekoen eta belaunaldien arteko lantegietan laguntzen duten pertsonen "eskuzabaltasuna". Gainera, beste adin-talde batzuei balioak helaraztearen garrantzia azpimarratu du, "horrela estereotipoei eta adinkeriazko jarrerei aurre egiten baitiete, pertsona gisa duten gaitasuna eta autonomia agerian jarriz".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide