Adinekoentzako zentro soziokulturalek Bizan Sarea osatuko dute Gasteizen

Erredakzioa 2021ko mai. 25a, 07:00
Horrela geratuko da Koroatze auzoko zentroa irudi berriarekin. / GASTEIZKO UDALA

Estereotipoei aurre egiteko, irudia berritzeko eta erabiltzaile berriak erakartzeko, adinekoentzako Gasteizko zentro soziokulturalak Bizan Sarea bihurtuko dira. "Bizi" eta "izan" hitzak elkartuz sortu dute gaztetutako izen berria.

Gasteizko adinekoentzako hamasei zentro soziokulturalek irudi eta izen berria izango dute: "bizi" eta "izan" hitzak elkartzetik sortutako Bizan izena hartuko dute ekainetik aurrera. Udalak "irudi hurbilagoa eta irekiagoa" bilatu nahi du horrela, "erabiltzaileei eta zentroei lotutako estereotipoetatik urrun".

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak azaldu duenez, aldaketa prozesu luze baten emaitza da, eta profesionalek, adin desberdinetako taldeek eta zentroetako erabiltzaileek hartu dute parte. Apirilean, zentroetako 60 erabiltzaile eta langileri aurkeztu zieten izena, eta "ilusio handiz" hartu zuten, zinegotziak azaldu duenez.

2019an egindako azterketa batek agerian utzi zuen adinekoei buruzko estereotipoak zeudela, eta estereotipo horiek zentroei ere eragiten zietela. Adineko Zentro Sozio-Kultural izena ez zen begi onez ikusten, ez baitzen erakargarria erabiltzaile posibleentzat edota adin talde gazteagoentzat.

"Horregatik, erretiratzear edo erretiroa hartu berri ziren pertsonek ez zituzten ezagutu edo erabili nahi", azaldu du zinegotziak. "Haien benetako izaera islatzen du Bizan izenak: parte hartzea, jendea ezagutzea, ondo pasatzea eta gizarteari ekarpenak egitea gustuko duen jende aktiboa da".

Gainera, izen berriaren ondoan lelo bat agertuko da: "Esperientziak bizitasunarekin bat egiten duen tokia". Armentiaren esanetan, horrek "errotik desagerrarazten du estereotipo hedatuenetako bat: adinekoak, bizitzan esperientzia zabala izanik ere, pertsona inaktiboak eta motibaziorik gabekoak direla uste izatea; ez da hala".

Webgune eta programazio berriak

Bestalde, Udalaren webgunean adinekoentzako zentro horiei buruzko atala berritu dute. Bertan topatu daitezke, besteak beste, Bizan Sareko zentroen inguruko informazioa, agenda, jarduerak, ikastaroak, zerbitzuak eta abar.

Azkenik, aldaketa irailetik aurrerako programazioan ere sumatuko da. Izan ere, herritar guztiei zuzendutako jarduera gehiago egongo dira, baita lantegi sortzaile gehiago ere, adinekoek haien ezagutzak beste pertsona batzuekin partekatzeko aukera izan dezaten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide