Azkena Rock berezia udazkenaren hasieran: hamar egun eta 21 kontzertu Iradier Arenan

Erredakzioa 2021ko uzt. 6a, 12:00
El Drogas, kartelburuen artean. / Argazkia: GAIZKA PEÑAFIEL

Irailaren 22tik urriaren 3ra bitartean, Loquillo, El Drogas, M Clan, Carolina Durante, Los Enemigos, Los Zigarros, Lendakaris Muertos, Kaotiko, Liher eta beste hamabi talde arituko dira Iradier Arenan. Sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai.

"Rock'n'rolla eta zuzeneko musika da gurea". Eta ezin izan dute beste urte bat pasatzen utzi Azkena Rock Festival jaialdiaren zuzeneko edizio bat egin gabe. Horregatik, jaialdiaren ohiko formatua 2022an itzuliko bada ere, edizio berezia antolatu dute 2021erako. Bertsio ezberdin bat izango da, pandemiaren ondorioz bizi dugun egoerara egokitua. "Baina betiko izpirituarekin", azpimarratu dute antolatzaileek.

Halaber, programazioaren ohiko estiloak rock'n'rollaren korronte ezberdinak irudikatu nahi izan dituzte edizio berezi honetan, eta rock, punk edo rockabilly doinuak entzun ahal izango dira. Gainera, izen ospetsuak zein ahots gazteagoak uztartuko dituzte.

Hamar eguneko edizioa izango da, irailaren 22an hasi eta urriaren 3an amaituz. Gitarrak Iradier Arenako oholtzaz jabetuko dira, eta guztira 21 talde izango dira bertan: Loquillo, El Drogas, M Clan, Carolina Durante, Los Enemigos, Los Zigarros, Lendakaris Muertos, Kaotiko, Johnny Burning, Biznaga, Ray Collins Hot Club, Liher, Los Estanques, The Soul Jacket, Ezpalak, The Lizards, Razkin, Micky & The Buzz, The Wax, Seda eta Puraposse.

Sarrerak ostiraleko 10:00etan jarriko dituzte salgai, azkenarockfestival.com webgunean. Jakina, kontzertu bakoitzaren edukiera indarrean dagoen araudiaren arabera mugatuko da, eta Covid-19ren aurreko prebentzio neurri guztiak beteko dira.

Egitaraua

Hamar egun eta 21 talde direlarik, saio bikoitzak egingo dira, irailaren 29an izan ezik; egun horretan, hiru talde izango baitira Iradier Arenan. Honela banatuko dira egunak:

  • Irailak 22: Lendakaris Muertos + Ezpalak
  • Irailak 23: Los Enemigos + Liher
  • Irailak 24: El Drogas + The Lizards
  • Irailak 25: Carolina Durante + Biznaga
  • Irailak 26: Johnny Burning + The Soul Jacket
  • Irailak 29: Kaotiko + Puraposse + The Wax
  • Irailak 30: Ray Collins Hot Club + Micky & The Buzz
  • Urriak 1: Loquillo + Seda
  • Urriak 2: Los Zigarros + Los Estanques
  • Urriak 3: M Clan + Razkin

 

2022ko ARF jaialdiaren zain

Bitartean, rock musikaren zale amorratuenak datorren urtera begira daude. Azkena Rock Festival jaialdiaren 20. urteurreneko edizioa 2022ko ekainaren 16tik 18ra egingo da, eta, oraingoz, honako hauek dira baieztatutako hamazazpi taldeak: Patti Smith, Brian Wilson, The Offspring, Emmylou Harris, Social Distortion, Suzi Quatro, L7, Fu Manchu, Drive-By Truckers, Marcus King, Black Mountain, Daniel Romano's Outfit, Reverend Horton Heat, Shooter Jennings, Chuck Prophet and the Mission Express, The Faithless eta Wicked Wizzard.

"Eta askoz gehiago", aurreratu zuten ekainaren 17an sare sozialetan, laster konfirmazio gehiago iritsiko baitira. Momentuz, Iggy Pop konfirmazioen lehen txanda honetatik erori da; ikusteko dago aurrerago iragarriko ote duten.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta aurreko ediziorako erositakoak ere 2022rako balioko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide