Beste hiru igerileku itxi ditu Udalak gehiegizko parametro mikrobiologikoengatik

Erredakzioa 2021ko uzt. 2a, 10:00
Mendizorrotzeko igerileku estaliak. / GASTEIZKO UDALA

Udalak beste hiru igerileku itxi ditu, parametro mikrobiologikoetan maila irregularrak antzeman ostean. Mendizorrotza, Salburua eta San Andreseko hiru ontzitara zabaldu da aurretik Aldabe eta Ibaiondon ezarritako kautelazko neurria.

Mendizorrotzeko igerileku estalietako ontzi txikia, Salburuko gizarte etxeko igerilekuetako ontzi handia eta San Andres kiroldegiko igerilekuetako ontzi txikia ere itxi behar izan ditu Gasteizko Udalak, pseudomona aeruginosa mikroorganismoaren neurketan ohiz kanpoko balioak agertu direlako.

Beraz, dagoeneko bost instalazioetako sei igerileku-ontzi daude itxita une honetan, kautelazko neurri gisa. Izan ere, asteazkenean beste hiru igerileku itxi zituen Udalak: Aldabeko gizarte etxeko igerilekuetako ontzi handia eta txikia, eta Ibaiondoko gizarte etxeko igeriketa-ontzia (igerileku ludikoak zabalik jarraitzen du).

Kasu guztietan, igerilekuen araudi tekniko-sanitarioa betetze aldera, balioak normaldu arte itxi egin dira igerilekuak. Bitartean, neurri zuzentzaileak aplikatuko dira, uraren kalitatearen parametro normalak erdiesteko. Berriro irekitzeko aukera izan bezain laster emango du Udalak horren berri.

Aldabe eta Ibaiondoko igerilekuak datozen orduetan berriro martxan izango dira, asteazkenetik itxita egon ostean. Izan ere, Gasteizko Udal Laborategiak bertako ura aztertu du eta emaitzek negatibo eman dute oraingoan; beraz, berriz ere uraren kalitatea egokia dela ondorioztatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide