Aldabe eta Ibaiondoko igerilekuak itxita, gehiegizko parametro mikrobiologikoengatik

Erredakzioa 2021eko ekainaren 30a

Aldabeko bi igerileku eta Ibaiondoko beste bat itxi behar izan dituzte. / GASTEIZKO UDALA

Kautelazko neurri gisa, Aldabeko igerileku estaliak eta Ibaiondoko gizarte etxeko igeriketa-ontzia itxi egin ditu Udalak, ohiko neurrietatik kanpoko parametro mikrobiologikoak antzeman dituztelako uretan.

Gasteizko udal laborategiak instalazio horietan egin ohi dituen analisietan ohiz kanpoko balioak agertu dira pseudomona aeruginosa mikroorganismoaren neurketan. Araudi tekniko-sanitarioa betetze aldera, neurketen emaitzen berri izan bezain laster itxi egin dituzte hiru igerileku horiek, kautelazko neurri gisa.

Zehazki, Aldabeko gizarte etxeko igerilekuetako ontzi handiari eta txikiari eragiten die neurriak, baita Ibaiondoko gizarte etxeko igeriketa ontziari ere; igerileku ludikoa, ordea, zabalik dago.

Parametroak ohiko balioetara itzuli arte mantenduko dira itxita. Bitartean, behar diren neurri zuzentzaileak aplikatuko dira, uraren kalitatea normaltze aldera. Neurri horien ondorioz igerilekuak berriro irekitzeko aukera izan bezain laster emango du Udalak horren berri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago