Olarizuko eraikinak eraisten hasi da Udala, Errekaleor hurrengo jomuga gisa seinalatuz

Erredakzioa 2021ko eka. 17a, 13:30

Hondeamakinak 9:00ak aldera hasi dira Olarizu hiribideko eraikinak eraisten. / GASTEIZ UDALA

Dagoeneko hasi da Olarizu hiribideko blokeen eraispena, joan den astean utzarazpena gauzatu ostean. Bertan izan da Gorka Urtaran: "Errekaleorrek Olarizuren zorte bera izango du", ohartarazi du alkateak.

Udalak joan den astean, ekainaren 8an, gauzatu zuen bloke okupatuetako azken bizilagunen etxegabetzea, hiribideko 124 etxebizitzak behin betiko hustuz. Ordutik, eraikinen barrualdeko hondakinak kentzeko eta amiantoa duten egiturak kentzeko lanak egin dira; lan horiek jarraitzen dute Esmaltazioen biribilgunetik hurbilen dauden hainbat eraikinetan, eraitsi aurretik.

Eraikin guztiak urria baino lehen eraistea espero du Udalak, eta, gero, bere proiektua etxebizitza berriak eraikitzea izango da. Dagoeneko ari dira aukerak prestatzen, "Olarizu bezalako parke zoragarri baten inguruan bizitzeko espazioa izan dadin". Udal gobernuak, 2023ko uda baino lehen martxan jarri nahi duen proiektuan, 356 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusi du, horietako gehienak libreak. Horrek EH Bildu eta Elkarrekin udal taldeen arbuioa eragin du, eremua alokairu sozialera bideratzea eskatu baitute; beraz, litekeena da udal gobernuak PPren babesa bilatzea.

 

Gorka Urtaran alkatea eta Cesar Fernandez de Landa Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzia Olarizu hiribidean izan dira ostegun honetan, eraikin zaharren eraistearen hasieran. "Agindu genuen bezala, bloke horiek husteko eta eraisteko konpromisoa bete dugu auzokideekin", adierazi du alkateak.

Hurrengo jomuga: Alde Zaharra eta Errekaleor

Gainera, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Urtaranek Errekaleor eta Alde Zaharrean okupatutako etxebizitzak seinalatu ditu Udalaren hurrengo jomuga gisa: "Olarizuren zorte bera izango dute", ohartarazi du.

Horretarako, Olarizuko blokeak berreskuratzeko aukera eman dion formula judizial bera aplikatuko duela iragarri du alkateak, oraingoz prozesu horretarako datarik zehaztu ez duen arren. Hori bai, Alde Zaharreko etxebizitzekin hasi eta, ondoren, Errekaleorrera joko duela aurreratu du.

Gorka Urtaran alkatea, hedabideen aurrean adierazpenak egiten. / GASTEIZKO UDALA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago