Gasteizko Udalak Juani Rishmawiren askapena lortzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Erredakzioa 2021ko eka. 15a, 12:12
Israelek Juani Rishmawi giza eskubideen aldeko ekintzailea atxilotu zuen apirilean. / HWC

EAJ, PSE, Bildu eta Elkarrekin taldeek Juani Rishmawi Palestinako Health Work Committees (HWC) osasun elkarteko ekintzailearen atxiloketa salatzeko adierazpena onartu dute. "Egin beharrekoak egiteko" eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Juana Ruiz Sanchez, Juani Rishmawi bezala ezaguna, Health Work Committees (HWC) GKE palestinarreko kidea da, proiektu koordinatzaile gisa lan egiten du, eta azken 35 urteetan Palestinan bizi izan da. Apirilaren 13an, Israelek atxilotu eta kargurik gabe espetxeratu egin zuen. Gauez atxilotu zuten: hogei soldadu israeldar baino gehiago indarrez sartu ziren haren etxebizitzan, Zisjordaniako Beith Sahur udalerrian, galdeketa egiteko aitzakiarekin.

Atxiloketaren eta epaiketarik gabeko espetxeratzearen aurrean, EAJ, PSE, Bildu eta Elkarrekin udal taldeek Gasteizko Udalaren adierazpen instituzionala onartu dute gaur, Juana Ruiz Sanchez eta bere bi lankideren atxiloketa eta "Israelgo armadak eskubide zibil eta politikoak babesteko nazioarteko gutxieneko arauak urratu dituela" salatzeko.

Udalak Israelgo agintariei "formalki eta premiaz" Juana Ruiz Sanchez, Tayseer Abu Sharbak eta Saeed Abbad askatzeko eskatzeko eskatu die Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari, "euren eskubide zibil eta politikoak bermatzeko". Zentzu horretan, Juani Rishmawi aske izan dadin "egin beharrekoak egiteko" eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Halaber, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta palestinarren giza eskubideak errespetatzeko eta ondasun kaltetu eta konfiskatuen erreparazioa exijitu dio Israelgo Estatuari, "tartean lankidetza publiko finantzatuak ere bai".

Azpimarratu dutenez, Juana Ruizek hiru aste pasa eman ditu leporatzen dizkioten karguen berri izan gabe. "Tarte horretan, Israelgo auzitegi militarrek teoria sinesgaitz bat osatu dute", salatu dute. Gainera, ekintzailearen osasun arazoez ohartarazi dute: "Kezkagarriak dira Israelgo agintariek pairarazten dizkioten galdeketa-saio ezin luzeagoek eragin diezazkiokeen ondorioak, soil-soilik palestinarren giza eskubideen alde jarduteagatik".

Health Work Committees elkartea

HWC irabazi asmorik gabeko elkarte palestinarra 1985ean sortu zen eta osasunaren alorrean dihardu. Elkarteak elkartasunezko zereginetara bideratzen du bere lana, hartara egoera ahulenean dauden palestinarren osasunarekiko eskubidea bermatze aldera, batez ere haur eta emakumeen osasun prebentzioaren eta haurren txertaketaren alorretan. Elkarte horrek bultzatutako proiektu askok, gainera, Euskal Herriko zein Espainiako erakundeen finantzaketa izan dute.

"Elkartearen lana funtsezko xede batera bideratzen da: diagnostiko zerbitzuen eta lehen arretako zerbitzu terapeutikoen bitartez Palestinako osasun egoera hobetzen laguntzea, baita programa komunitarioak abiaraztea ere", azpimarratu dute talde politikoek Gasteizko osoko bilkuran onartutako adierazpenean. "Kontuan hartu behar da, gainera, euskal erakundeek sarritan aritu izan direla elkarte horrekin lankidetzan".

Atxiloketaren aurrekariak

Juani Rishmawiren atxiloketaren aurretik, martxoaren 8an, Israelgo armada HWC erakundearen bulego nagusian sartu zen bortxaz, Al Bireh hirian, eta Kontabilitate Saileko arduradun Tayseer Abu Sharbak atxilotu zuen. Horrez gain, ekipo informatikoak eta nazioarteko erakundeekin eta dohaintza-emaileekin lankidetzan egiten duten lan humanitarioari buruzko dokumentazioa eraman zuten. Saeed Abbad ere atxilotua dago; gaur egun HWCrekin lan harremanik ez duen arren, Kontabilitate Saileko arduradun izan da bi urtez.

"Hasiera batean, gorabehera horiek pentsarazi zuten atxiloketen arduradunek HWCren proiektuen finantziazioarekin loturiko delituren baten inguruan osatu nahi zutela salaketa, eta Juana saltsa-maltsa horretan nahasi; gero horrela dela egiaztatu ahal izan da", salatu du Gasteizko Udalak, adierazpenaren bitartez.

Erlazionatuak

Juani askatu!

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola (BDZ mugimenduko kidea) 2021 api 26 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide