Juani askatu!

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola (BDZ mugimenduko kidea) 2021ko api. 26a, 17:00

Israelek Juani Rishmawi giza eskubideen aldeko ekintzailea atxilotu du. / HWC

"Duela bi aste, Israelgo Apartheid erregimenak Juani Rishmawi eraman zuen atxilo. Libre behar dugu. Libre Hala Bediko uhin libreetan, eta libre Palestinako kaleetan".

Palestinara egin nuen lehenengo bidaian Gazako zerrendara sartzeko aukera izan nuen, eta han El-Auda ospitalea bisitazekoa. Erietxea Jabaliako errefuxiatuen kanpamenduan dago kokatuta, eskualdeko ipar-ekialdean, Israelgo armada okupatzailearen bonbardaketa latzenak pairatu ohi dituen eremuan. Bertan, estraineko bisitaldi hartan, arreta eman zidan X-izpietako makina batean Eusko Jaurlaritzaren ikurra ikusteak, eta nolabait lasaitu egin ninduen bertatik bertara konprobatzeak gure zergetako apur batzuk sikiera pertsona horien sufrikarioa arintzera iristen dela.

Gerora jakin nuen EAEko gobernuak, batetik Israelgo Apartheid erregimenarekin harreman adeitsu eta erregularrak dituen berberak, bestetik palestinarrentzako nolabaiteko diru laguntza humanitarioa ere bideratzen duela; eta hori Juani Rishmawi izeneko emakume baten bitartekaritzari esker gertatzen dela.

"Goizaldeko 5:45ean, Juaniren familiaren etxean 20 soldadutik gora sartu ziren, bortizki armatuta, eta eraman egin zuten"

Juana Ruiz Sanchez, Juani Rishmawi ezizenez ezagunagoa Palestinarekiko elkartasun zirkuloetan, giza eskubideen aldeko ekintzailea da eta 35 urtetik gora dira Palestinan bizi dela, Health World Committees osasun-erakundean lanean. Erakundeak komunitate palestinarraren ongizate sanitario eta soziala artatzea du xede, eta Juanik Proiektuen Koordinatzaile lanak egiten ditu, jarduera hori bermatuko duen diru laguntzak bilduz, gehienbat.

Duela bi aste eraman zuen atxilo Israelgo Apartheid erregimenak, inongo kargu zehatzik egotzi gabe, eta gatibu eramateko eman duten argudio bakarra itaunketa egin behar ziotela izan da. Bahiketa 2021eko apirilaren 13an gertatu zen, Zisjordaniako Beith Sahur herrian, Belen hiritik oso gertu. Goizaldeko 5:45ean, Juaniren familiaren etxean 20 soldadutik gora sartu ziren, bortizki armatuta, eta eraman egin zuten. Geroztik preso dute, izan ere, epailearen aurrean hiru agerraldi egindakoan, atxiloketa mugagabe luzatzea erabaki dute, inongo kargu zehatzik leporatu gabe, ustez, itaunketa egin ahal izateko.

"35 urtetik gora dira Juani Rishmawi Palestinan bizi dela, Health World Committees osasun-erakundean lanean"

Juanirekin batera, HWC erakundeko beste bi lankide ere atxiloketa administratibo erregimenpean daude (babes legalik gabe espetxeratuta eta leporatzen dizkieten balizko karguen berri izan gabe); Tayseer Abu Sharbak, HWC Diruzaintza Departamentuko Arduraduna eta Saeed Abbad, duela bi urte arte Departamentu bereko arduraduna. Bi lankide horiek martxoaren 8an bahitu zituzten, Israelgo okupazio armadak erakundeak Ramallahn duen egoitza erasotu zuenean.

Jarduera profesional horrez gain, Juani erreferente bat da Palestinarekiko elkartasunean lanean dihardugun guztiontzat. Hamaika alditan harrera abegikorra egin die Euskal Herritik eta beste hainbat txokotatik iritsitako brigada internazionalistei, eta ezinbesteko gidaritza lana egin digu Zisjordanian eta Gazan zeharreko bidaietan. Gainera, duela urte askotatatik Hala Bedi Irratiko albiste zerbitzuetako ohiko kolaboratzailea ere bada. Urte hauetan guztietan, Palestinatik egindako kroniketan, okupaziopeko errealitatearen testigantza eman digu eta ahotsa eman dio herri palestinarraren askatasunerako borrokari, modu hurbil eta apasionatuan beti.

"Juani erreferente bat da Palestinarekiko elkartasunean lanean dihardugun guztiontzat; Hala Bediko albiste zerbitzuetako ohiko kolaboratzailea ere bada"

Hain zuzen ere, atxilotua izan baino egun gutxi batzuk lehenago, Hala Bediko Uhintifada irratsaioan salatu zuen bere erakundeak eta beste hainbat erakunde palestinarrek pairatzen duten jazarpena. Izan ere, indar okupatzailearen autoritatea eta Osloko Akordioen ondorengo estatusa onartzen ez duten erakunde humanitario eta sozialak okupazio erregimenaren jomugan daude. Eta jazarpen hori Palestinako populazioaren aurkako garbiketa etniko kanpainia baten testuinguruan kokatzen zuen; izan ere, Isarelgo erregimenak populazio palestinarraz gain, elkarte mugimendu edo mugimendu palestinar antolatuaren edozein arrasto desagerrarazi nahi du.

Juani Rishmawi ezinbestekoa izan da Palestinarekiko elkartasun sareak josteko garaian, eta herri palestinarraren borrokaren lekuko eta bozeramaile sutsua. Hori dela eta, paretik kendu nahi dute Apartheid erregimeneko aparatuek. Libre behar dugu. Libre Hala Bediko uhin libreetan, eta libre Palestinako kaleetan, horixe baita berak maitatzen duen herria eta bere testigantzaz maitarazi diguna.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago