Mikel Delika beiragilea Urrezko Zeledon izendatu dute

Erredakzioa 2021ko eka. 14a, 12:20
Mikel Delika beiragilea izendatu dute 2020ko Urrezko Zeledon. / @CeledonesOro

Urrezko Zeledonen 2020ko edizioak Mikel Delika beiragilea aukeratu du hamazazpi hautagairen artean. Besteak beste, Santa Maria katedralean edo Arrosarioko prozesioko farolekin egindako lanak saritu ditu epaimahaiak.

Circulo Vitoriano lokalean egindako ekitaldian, Mikel Delika beiragile gasteiztarra hautatu dute 2020ko Urrezko Zeledon berria. Alde Zaharreko Txikita kalean duen tailerrean artisau gisa lan egiten du Delikak. Urte luzez, hainbat lan garrantzitsu sinatu ditu: Santa Maria katedralean edota Arrosarioko prozesioko farolen zaharberritzeaz gain, Comillaseko apaiztegian, Jaengo katedralean, Gernikako Batzar Etxean edo Aldundiaren Jauregian ere utzi du bere arrastoa.

Delikak jasotako saria "bihotzez" eskertu du. "Beirateak egiten dituen blusa bat naiz; ez dut bizitza ulertzen Gasteizko festarik gabe. Existituko ez balira, ez nuke jakingo zer egin", adierazi du artisauak.

Mikel Delikak 35 urte daramatza argiarekin, koloreekin eta testurekin "jolasten". 1983. urtean hasi zen, "kasualitatez", beirateak diseinatzen, sortzen eta zaharberritzen, eta "ezezaguna" den eta "arautu gabe" dagoen ogibide bat ezagutarazteko ahalegina ere egiten du. Bere lana hurbiletik ezagutzeko eta horren berri emateko erreportajea argitaratu zuen ALEAk 2018an: Betiko ogibidea arautzeko eta zabaltzeko beharra.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide