Betiko ogibidea arautzeko eta zabaltzeko beharra

Mirian Biteri 2018ko aza. 16a, 07:34

Mikel Delikak 35 urte daramatza argiarekin, koloreekin eta testurekin 'jolasten'. Beirateak diseinatzen, sortzen eta zaharberritzen ditu, eta "ezezaguna" den eta "arautu gabe" dagoen ogibide bat ezagutarazteko ahalegina ere egiten du.

Goizean goizetik dago Mikel Delika Gasteizko alde zaharreko Txikita kalean duen tailerrean. Esku artean dituen enkargu garrantzitsuak aurrera atera behar ditu eta horiek guztiek denbora eskatzen dute; tartean, Bilboko eraikin bat berritu eta bertan egingo den hotel berri baterako beirateak konpontzen dabil orain, eta Nafarroako Bertizko Jauregian dagoen kapera kanpoko beirate modernistei azken ukituak ematea ere falta zaio. Pasa den urtean, bertako gobernuak deitutako lehiaketa irabazi zuen, eta aurreikuspenen arabera, datorren urtean jarriko dituzte berrituta jatorrizko tokian. Ez du, hortaz, denbora galtzerik.

Beirateen arloan jakintsua da Mikel Delika gasteiztarra; ibilbide luzeak erakutsitako esperientziak eta arte horrekiko duen maitasunak eraginda. 1983. urtean hasi zen horretan, "kasualitatez".   Margotzea zuen gustuko eta bere asmoa delineazioa ikastea zen, baina, hainbat oztopo tarteko, elektrizitateko ikasketak egin zituen. Soldadutzatik itzultzean, Rotulos Bastidan hasi zen lan egiten, lehengusuarekin batera, eta bertan egin zituen lehen beirateak, modu autodidaktan. Emaztea ingelesa du Delikak, beirateak edonon aurki daitezkeen lurraldekoa. Berak bultzatu zuen tailerra bere kabuz jartzera.

Aurretik, baina, formazio gehiago behar zuela ikusi eta Peter Young beiragile irlandarra gonbidatu zuen Gasteizera. Berarekin artea ikasi eta negozio berria jarri zuen martxan; garai hartan, Gasteizen zegoen beirategile bakarra eta erretiratzear zegoen Anastasio Lopez Riañoren material gehiena erosita. Azken urteotan, Gasteizen bi beiragile baino ez dira izan: Delika bera eta Hedegile kalean zegoen Iñaxio Zarketa; dagoeneko erretiratuta dago azken hau ere.

 

Formazioa, etengabea

Negozioa martxan izanda ere, inoiz ez du formazioa alde batera utzi eta Alemanian, Espainian eta Herrialde Katalanetan ibili da bere ezagutza zabaltzen. Bartzelona aldean, beirateen zaharberritzearen inguruan egindako ikastaro batean ezagutu zuen Fernando Cortes; ikastaroaren irakaslea zen bera. Ordutik, askotan egin dute elkarrekin lan: tartean, 1895. urtean egindako Gasteizko Andre Maria Zuriaren Arrosarioaren segizioko farolen kontserbazio eta esku-hartzerako jarraibideei buruzko azterketan eta Santa Maria Katedraleko Beirateen Azterketa eta Egitasmo Zuzendarian.  

Beirate historikoak zaharberritzearekin batera, berriak ere egiten ditu gasteiztarrak. Azken hauetan, bezeroarekin berba egin ostean, lekua bisitatzen du, eta bertako argia, testuingurua, arkitektura, funtzioa eta bestelako ezaugarriak sakon aztertu ondoren, zirriborroa egiten du. Azkenik, erabili beharreko teknika aukeratzen du.

Beirate originalak mantentzea

Beirate historikoen kasuan, teknika eta material berdinak erabiltzen dira, baina, kasu horretan, mantentze eta berritzerako jarraibideak hartzen dira kontuan. Gainera, gremio bereko beste aditu batzuekin batera egiten da lan proiektu horietan, beste profesionalen gainbegiradapean. Delikaren esanetan, gaur egungo erroka da beirate originalak mantentzea eta belaunaldiz belaunaldi datozenei azaltzea; ez beirate zaharrak berriengatik ordezkatzea.

Beirate berriak zein historikoen gaineko proiektuetan esku-hartze osoaren prozesua jasotzen da; hala, lanean dauden bitartean jarraitu beharreko pausuak zein amaitu ostean beirateen mantenurako hartu beharreko neurriak biltzen dira memoria baten modura.

Arautzearen beharra

Gaur egun, beirateen arteak duen gabeziez hitz egin du Delikak. Batetik, ogibidea arautzearen garrantziaz ohartarazi du: "Europan behar bezala dago araututa; Arte Ederrak ikasi behar dira, eta esandako espezialitatea aukeratu. Baina Espainian ez dago argi zer den, artea edo artisautza. Egoerari bueltan emateko ahaleginetan gabiltza: beirategileen elkarte bat sortzeko urratsak ematen hasi gara arautu dezaten eskatzeko".   

Horrekin batera, nabarmendu du ezinbestekoa dela administrazioen kontzientziazioa: "Ez dago eremu horren inongo ezagutzarik. Babestu gabe dagoen artea da gurea". Adibide gisa, aipatu du gaur egun, oraindik ere, ez dagoela beirateen inbentariorik. Horren harira, azaldu du aukera hori aztertzen ari direla Nafarroako Gobernuarekin eta baita Arabako Diputazioarekin ere: "Kontuan izan behar da Micaela Portillak egindako Gasteizko elizbarrutiko monumentuen katalogoan ez dagoela beirateen gaineko informaziorik; funtsezkoa da guzti hori jasotzea eta bereziki aztertzea. Ziur sorpresak agertuko direla". Aipatu du Araba mailan erraza dela inbentarioa egitea, gehiena "kontrolpean" dutelako.

XIX eta XX mendekoak

Azaldu du lurraldeko beirate gehienak XIX. mende bukaera eta XX. mende hasiera bitartekoak direla, garai bakoitzeko "moden" arabera, galtzen joan direlako. Gaur egun, katedral zaharreko Santiago kaperan daude beirate zaharrenak; 1723. urtekoak dira. Jakinekoa da eraikin berean garai hartako beirate gehiago zeudela, baina pasa den mendeko 60. hamarkadan egindako berritze lanetan kendu zituzten. Horrez gain, Arrosarioaren prozesioko farolen bilduma nabarmendu du: "Sekulakoa da; bakarra. Gasteiztar askok ez dute ezagutzen, eta merezi du museoa bisitatzea. Garrantzia gehiago eman beharko genioke bilduma horri".

Dibulgazio lan horretan, hitzaldiak ematen ditu gasteiztarrak; pasa den urriaren 30ean, esaterako, Comillaseko seminario nagusiko elizako beirate modernistetan egindako lanaz hitz egin zuen, Gasteizen. Ez da puntuala; dagoeneko beste mintzaldi bat du eta itxita Arabako Diputazioarekin.

Bisita gidatuak berreskuratzearen ideia ere badu buruan; orain arte hiruzpalau bider egin ditu. Besteak beste, katedral zaharreko kriptan eta girolan zein Santiagoko kaperan dauden beirateak, prozesioko farolen museoa eta San Pedro elizakoak ikustean datza Delikak proposatzen du ibilaldia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide