Emakume garbitzaileak omenduko dituzte Zalduondon

Erredakzioa 2021ko eka. 8a, 18:25
Emakumeak garbitokian. / Argazkia: mujeresruralesalavesas.org

Igande honetan, ekainaren 13an, Zalduondoko bizilagunak Txarosteko garbitegian bilduko dira 12:00etatik aurrera, herriko emakumeak omendu eta arropa garbitzen egin duten "lan solidario, sakrifikatu eta isila" aitortzeko.

Garbitokian, mantak, alkandorak, zapiak eta pixoihalak garbitu, bihurritu eta zabaltzen zituzten, baldintza gogorretan, ur izoztuarekin, hotzarekin eta postura txarretan. "Lan hori funtsezkoa da familientzat, komunitatearentzat eta ekonomiarentzat, historikoki bigarren mailako zeregintzat hartu bada ere", azaldu du Zalduondoko Udalak. "Emakumeen berezko lana zela ulertzen zen, eta haiek egiten zituzten lan guztiak bezala, ez ziren baloratzen".

Garbitoki horiek sororitate guneak ere izan ziren, isilpekotasun eta hustasun pertsonalekoak; eta emakumeek laguntza moral eta ia psikologikokoak jasotzen zituzten haien artean: "Garbitokian esaten zena, garbitokian geratzen zen. Garbitokian ez zegoen gizonik", gogoratu dute Zalduondoko emakumeek.

Horregatik, eta azken urteetan egindako ikerketa eta memoria lanei jarraituz, ekainaren 13an omenaldia antolatu dute Zalduondon. Udalak eta Zalduondoko herriak Mercedes Duran, Isabel Martinez de Maturana, Maribel Arakama, Klara Mujika eta Eli Arakama auzokideen lana aitortuko dute, euren garbitzaile egunak gogora ekarriz.

Horrekin batera, plaka bat jarriko da udal garbitokian, mende honen hasieran oraindik modu tradizionalean garbitzera joaten zen azken emakumea, Rosario Apaolaza Lopetegi, gogoratzeko. Mendeetan zehar mundua garbitu eta zaindu duten emakume guztien adibide gisa jarriko da.

 

Historia bizia

Arropa garbitzea, zainketa lan guztiak bezala, emakumeen lan tradizionala izan da historikoki. Pertsonen eta gizartearen bizitzarako, garapenerako eta osasunerako funtsezko lana izan arren, gehienetan ordaindu gabea izan da, eta gizarteak berak ez du funtsezko zeregintzat hartu. "Bizitzen ari garen pandemia garai hauetan, garbiketak familiaren osasunarentzat eta komunitatearentzat duen garrantzia gehiago ikusarazten ari gara", azpimarratu dute omenaldiaren sustatzaileek.

Hain zuzen ere, horren inguruan aritu zen Oihane Santamaria 2020ko uztailean ALEArekin izandako elkarrizketan, eta bertan aurreratu zuen proiektu bat abian zegoela ekimen hori Araba osoan zabaltzeko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide