Oihana Santamaria

"Baldintza eskasetan egin duten lana eskertu behar zaie emakumeei"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko uzt. 17a, 06:00
Oihana Santamariak harraskan lan egin duten emakumeak omentzeko proposamena zabaldu du. E.U.

Garbitasunak birusaren garaiotan hartu duen garrantzia baliatu du Oihana Santamariak familiaren arropa harraskan garbitzen zuten emakumeen lanaren balioa ikusarazteko. Eskerrak emateko omenaldia antolatu du bere jaioterrian, Santurden, eta proiektu bat abiatu du ekimen hau Araba osoan zabaltzeko.

Santurdeko familia guztiek xaboi pakete bat jaso dute konfinamenduan, eta herriko emakumeek merezitako omenaldia orain dela bi aste. Urte luzez, herriko harraskan, familiaren arropa garbitzen egin duten lan gogorra eskertzeko eta herriari egin dioten ekarpena ikusarazteko, obra txiki bat antzeztu dute herriko umeek. Oihana Santamaria Lopez de Lacalle (1980, Santurde) Gasteizko La jabonería de la almendra dendako arduraduna izan da sustatzailea. Orain, xaboi banaketa eta omenaldia Arabako beste herrietara zabaltzeko proiektua landu du, landa eremuko emakumeei egiten duten lana aitortzeko asmoz.

Nola sortu da ideia?

Gesaltza Añanako gatzarekin egindako kosmetika produktuen salmenta eta Gasteizko Udalak antolatuta ematen ditugun ikastaroak dira La jabonería de la almendrako negozio lerro nagusiak, eta bi horiek etenda geratu ziren alarma egoerarekin. Bestalde, Laia alaba txikia kardiopatia batekin jaio zen, eta, Covid-19a dela eta arrisku handia duenez, Santurdera etortzea erabaki genuen. Bada, herrian amak olio zahar pilo bat gordeta zuen, beti biltzen duelako, eta pixka bat entretenitzeko, ez pentsatzeko, eta olio hori guztia gainetik kentzeko hamabost kilo xaboi egin nituen. Xaboi hori guztia nuela pakete txikiak egitea okurritu zitzaidan, eta herrikoei oparitzea, Olentzero moduan. Hemen zazpi familia bizi gara, eta bakoitzari bere etxeko atarian pakete bana utzi nion. Konfinamenduan geundenez ez genuen deitu ezta abisatu ere; xaboiaren kutxa etxe atarian aurkitu zuten.

Eta omenaldia?

Santurden gordeta dut emakume garbitzaileen argazki handi-handi bat, Gasteizko Gabonetako Artisau Azokan jartzen dugun postua apaintzeko erabili nuena, eta beti nago ez dakidala non jarri, eta herriko harraskan jartzea pentsatu nuen, nolabait hemengo emakumeei omenaldia egiteko modu bat zela.

Santurdeko emakumeen argazkia da?

Ez. Artxibo batean erositakoa. Hemen ez dago argazkirik eta beste herri askotan ere ez. Hori ere oso adierazgarria da. Gizonak garia jotzen edo soroan lanean erakusten dituzten argazkiak badaude, baina emakumeenak harraskan edo soroetan oso gutxi. Herrian ikusi izan dudana beti da gu soroetara lanera joaten ginela, gizonak bezala edo baldintza okerragoetan, gu behean joaten ginelako eta haiek traktorean; eta gero, etxean, guk lanean jarraitzen genuen eta haiek ez. Pandemia honen harira pentsatu nuen agian momentu ona zela ikusarazteko etxeko lanen eta bereziki garbiketaren garrantzia, beti emakumeen ardurak izan direnak.

"Inor etorriko ez zen beldur nintzen, baina denak etorri ziren"

Zer nolako harrera izan du ideiak?

Niretzat bereziki garrantzitsua izan da hau egitea. Askotan herri txikietan arazoak daudelako jendearen artean. Sarritan zuk ez duzu zerikusirik arazo horiekin baina nolabait oinordetzan hartu dituzu, eta guri hala gertatu izan zaigu. Horregatik, niretzat oso inportantea zen hori nolabait "garbitzea", buelta ematea, eta egia esan jendeak oso ondo hartu du. Harritu naiz erantzunarekin. Herriko guztiak egon ziren omenaldian. Urte asko kanpoan egon naiz, eta inor etorriko ez zen beldur nintzen, baina denak etorri ziren. Horren harira, pentsatu nuen beste herri batzuetara ideia zabaltzea.

Landa eremuko emakumeen lana eta etxeko lana aitortu nahi izan duzu?

Bai. Xaboiekin batera etxeko besteei mezu bat helarazi nahi nien, etxeko ardurak denonak direla, partekatu behar direla esanez. Horregatik, konfiantza dudan lagunei, ohartxo bat ere banatu nien. Adibidez, Santurden badira senar-emazte batzuk haiekin oso ondo konpontzen garela, konfiantza handia dugula, eta gizonak emakumeari idatziko balio bezala idatzi nien oharra: "Konpromisoa hartzen dut arropa garbitzeko bizitzako egun guztietan, aberastasunean eta pobrezian...", kar-kar-kar.

Zein da aste hauetan garatzen ari zaren proiektuaren xedea?

Herri bakoitzean emakumeei omenaldi bat egitea, eskerrak emateko betidanik gure arropa garbitzen egin duten lanagatik, eta lan hori baldintza eskasetan egin dutela ikusaraztea. Hori da proiektuaren asmoa, herrietako emakumeei eskerrak ematea. Hasiera batean, Euskal Herri osoan egin nahi nuen, baina momentuz Araban aukera gehiago daude.

Zer babes izan duzu?

Batik bat kuadrilletako berdintasun teknikarien bitartez ari naiz harremanak lotzen, eta jende ezagunaren bitartez. Dagoeneko 16 herritan interesa agertu dute: Zalduondon, Agurainen, Burgun, Ribabellosan, Igaegin, Manzanosen, Ribagudan, Quintanillan, Berantevillan.... Momentuz, herri kopuru horrekin nahikoa lan dut urtea amaitu arte; 5.000 xaboi egin behar ditut, eta bakarrik nago produzitzen. Beraz, dagoeneko itxi dut zerrenda eta orain finantzazioa bilatzen ari naiz.

Zein da herri bakoitzean egingo den lanketa?

Nire asmoa da herriarentzat xaboia dohainik egitea eta banatzea. Demagun Berantevillan baietz esaten dutela eta finantzazioa lortzen dudala proiektua aurrera ateratzeko. Orduan, Elder enpresarekin hitz egingo dut, hondakinen bilketaz arduratzen den enpresa, eta haiek edukiontzi bat jarriko lukete Berantevillan, olio zaharra biltzeko, eta kartel bat proiektua zertan datzan azalduz; alegia, olioarekin xaboia egingo dugula eta herriko familia guztien artean banatuko dela. Herrietako edukiontziak jarri, astebetera guztia jaso eta xaboia egin.

Kalkulatu duzu zenbat olio behar duzun?

Tona erdi egiteko olio asko behar dut, beraz hasi naiz jada toki batzuetan eskatzen, Gasteizko Parral tabernan esaterako, eta Santurden xaboiak egiten hasiko naiz. Gainera, paketeak ere egin behar dira ohartxoarekin eta herrikoekin egun bat adostu behar da emakumeei omenaldia egiteko.

Zer motako ekitaldia izango litzateke?

Nik egun horretan eramango nieke xaboia eta gero bi aukera proposatzen diet. Bat da herriko umeekin antzerki bat antolatzea. Santurden horrela egin genuen eta oso ondo atera zitzaigun. San Isidra nekazaria eta garbitzailea asmatu genuen kar-kar- kar, eta umeek bi pertsonaia antzeztu zituzten: San Isidro nekazaria eta San Isidra nekazaria eta garbitzailea. Eta harraskan garbitzen zuten bitartean, batak besteari zera esaten zion: "Ni berdintasunik eza garbitzen ari naiz, ni estereotipoak garbitzen ari naiz". Ahanztura ere garbitu zuten eta emakumeen lanaren oroimena agertu zen... Gero, ume bakoitzak bere amamari eskerrak eman zizkion. Lehenengo aldia da halako zerbait egiten dela herrian, eta oso polita izan da. Aukera bat da hori, eta aktore batekin ere hitz egin dut, eta zerbait egiteko prest dago, baina ez du zertan antzerkia izan behar, izan daiteke bertsolari bat edo herrikoek nahi dutena. 

Proiektuaren babes ekonomikoa falta da.

Bai. Gastuen eta nire lanaren kalkulu bat egin dut, eta helburu bezala jarri dut aurten 16 herritan egitea abuztua, iraila eta azarora bitartean, eta gero gehiago animatzen baldin badira eta finantzazioa badago, hurrengo urtean egitea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide