Ikurrina erraldoia jarri dute Gasteizen, hiriburutzaren 41. urteurrenean

Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 10:00
Forondako Ateko ikurrinak 14.000 euro inguruko kostua izan du. / ALEA

41 urte bete dira Gasteiz EAEko hiriburu izendatu zutenetik. Igande honetan hitzarmena berritu dute lehendakariak eta Gasteizko alkateak, eta, beste hainbat ekitaldiren artean, ikurrina erraldoi bat jarri dute Forondako Atean.

Efemeridea ospatzeko, Hiriburu Kanona berritzeko akordioa sinatu dute igande honetan Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Andre Maria Zuriaren plazan erakusketa bat inauguratu dute, eta Forondako Atean ikurrina erreldoi bat altxatu dute, hiriburutzaren ikur gisa. Ospakizun horrekin, Gasteizek EAEko erakundeen sarean betetzen duen posizioa sendotu nahi izan du, hiriburu gisa betetzen duen funtsezko rola berretsiz.

Hiriburutzaren 40. urteurrena 2020an ospatzekoa zen, baina pandemiaren ondorioz urtebete atzeratu behar izan dira ospakizunak. Beraz, akordioa 41. urteurrenean sinatu da, eta pertsona kopuru mugatu batek parte hartu du ekitaldietan: besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Josu Erkoreka eta Idoia Mendia lehen eta bigarren lehendakariordeak, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendi eta Gasteizko Udaleko talde politiko guztietako ordezkariak izan dira.

 

Lankidetza hitzarmena

Lehenik eta behin, Ajuria Enea jauregian sinatu dute lankidetza hitzarmena berritzeko ituna. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzak 40 milioi euro emango dizkio hiriari hurrengo lau urteetan, hiriburu-kanonaren kontzeptuaren arabera; urtean 10 milioi euro. Ekarpen ekonomiko horrek bi helburu nagusi izango ditu: alde batetik, hiriburua sustatzea, urtean 7,5 milioi eurorekin; bestalde, azpiegituretan eta ekipamenduetan urtean 2,5 milioi euroko inbertsioak egitea.

Horren guztiaren helburua Gasteiz bizi-kalitatearekin lotutako zerbitzu publikoetan erreferente gisa mantentzea da. Berrikuntza gisa, Gasteiz Green Deal delakoa garatzen lagunduko duten ekimenak bultzatzeko xedea gehitu dute, mugikortasun jasangarria, hiriko azpiegitura berdeak eta proiektu logistikoak garatzeko.

Argazki erakusketa

Ituna sinatu ondoren, Andre Maria Zuriaren plazaraino joan dira Senda ibilbidetik eta Floridatik. Bertan, 40+1, Vitoria-Gasteiz, Euskadiko hiriburua argazki erakusketaren irekiera ekitaldia egin dute. Erakusketak irudien bitartez jasotzen ditu Maiatzaren 23ko 1/1980 Legea onartu zutenetik hiriaren fisionomian izandako gertakari garrantzitsuenak: besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako lehen eraikinak, Legebiltzarraren eraikina Floridan, lehen gizarte etxearen eraikuntza, aireportua martxan jarri zuteneko irudiak, Foru plazaren amaierako lanak edota oinezkoentzat egokitutako lehenengo eremua.

Andre Mariaren plazan ikusgai izango da erakusketa, eta ondoren Zabalgana eta Salburua auzoetara eramango dute, gizarte etxeen kanpoaldeko zelaiguneetara.

Ikurrina erraldoia

Urteurreneko ekitaldiak Forondako Atean amaitu dira. Bertan, ekitaldi sinboliko bat egin dute Latinoamerika biribilgunearen ondoan. Euskadiko ereserkia interpretatu dute bertan, ohorezko aurresku batekin eta ikurrina erraldoi bat altxatuz. 18 metroko masta, zazpi metroko zabalera eta bost metroko altuera dituen ikurrinak 13.854,50 euroko kostua izan du.

"Oso egun berezia da gaurkoa; izan ere, ospakizun honek autoestimu eta harrotasun plusa eskaintzen dizkigu. Gasteiz da Euskadiko gune neuralgikoa, herrialdeko erabaki politikoak hartzen diren tokia; Euskadi osorako erreferentziazko hiria gara, eta hori gasteiztarrontzat harrotasunerako arrazoia da", nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak, lehendakariari eskerrak emanez Gasteizekiko duen inplikazioagatik eta hurrengo urteotarako hiriburu-kanona berritu izanagatik.

Ikurrina erraldoia jartzeko erakundeek 14.000 euro inguru gastatu dituzten bitartean, joan den astean ALEAk argitara eman zuenez, ikurrina txikiago bat jartzeagatik, Udalak Mozal Legea ezarri die Zabalganeko hiru bizilaguni.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide