Epsilonen instalazioak EHUri lagatzea proposatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko mai. 25a, 12:20
Epsilonen instalazioak Miñaoko Parke Teknologikoan, 2009an. / IDOM

Epsilonek Miñaon zituen instalazioak hutsik daude 2012tik. Irtenbide faltaren aurrean, eraikina eta haizearen tunelaren teknologia EHUren esku uztea proposatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari.

Epsilon Euskadi euskal 1 Formularen proiektuak porrotaren sinbolo bihurtu den Marie Curie eraikina eta diru publikoaren xahutzea 16 milioi euro diru laguntzetan eta urtean milioi bat euroko zorra 2032ra arte baino ez ditu utzi Miñaoko Parke Teknologikoan.

2012tik hutsik dagoen eraikineko 13.000 metro koadroko instalazioak saldu ezinean, Eusko Jaurlaritzaren Parke Teknologikoen Sareak 300.000 euroko obrak bultzatu nahi ditu aurten, instalazioa birdiseinatzeko eta enpresa anitzeko eraikin bihurtzeko.

Testuinguru horretan, EH Bilduk mozio bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean eta Arabako Batzar Nagusietan, Eusko Jaurlaritzari eta bere menpeko Arabako Parke Teknologikoa sozietateari proposamen zehatz bat egiteko: EHUrekin akordio bat egitea eraikinaren erabilera aldi baterako lagatzeko, bost urteko iraupenarekin. Epe hori gainditu ondoren, jardueraren ebaluazioa egingo litzateke, lagapena mugagabe egiteko aukera baloratuz

Eraikinaz gain, barruko instalazioak eta teknologia ere lagatzeko eskatu du EH Bilduk mozioan, haize-tunela barne. Besteak beste, jarduera akademikoak, irakaskuntzakoak eta ikerkuntzakoak egiteko aukera proposatu dute, batez ere automobilgintzaren eta aeronautikaren sektoreetan.

Bitartean, "hitzarmena sinatu arte", 2021eko aurrekontuetan ezarritako partida ez gauzatzeko eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari. "Eraikin hau hutsik mantentzea baliabide publikoen erabilera desegokia da. Administrazioak diru publikoaren galera geldiarazteko eta daukagun azpiegitura horri balioa emateko unea da", adierazi du June Mugica batzarkideak.

Iker Casanova legebiltzarkideak eta June Mugica batzarkidea, eraikinaren aurrean. / EH BILDU

 

Haizearen tunela

Iker Casanova legebiltzarkideak eta June Mugica batzarkideak mozioaren berri eman dute Miñaoko Parke Teknologikoan bertan, eta, gogorarazi dutenez, munduan haizearen tunelaren bezalako makina gutxi daude, eta gainera proiektuaren inbertsio nagusia izan zen.

Horregatik, EH Bilduk eskatu dio Eusko Jaurlaritzari eskatu diezaiola EHUri haize-tunela erabiltzeko proiektu bat enkargatzeko, "ikasketa eta ikerketa erabilera zein merkataritza jarduera bateragarri egiteko, jardueraren balizko etekin ekonomikoek kutxa publikoetan eragina izan dezaten irizpide bat ezarriz".

Azken hamarkadan zehar, eraikina hutsik egoteaz gain, haizearen tunelaren egitura eta softwarea zaharkituta geratu dira. Baina, EH Bilduren proposamenaren arabera, "litekeena da EHUk haize-tunelaren hardwarea eta softwarea eguneratzea, instalazioa berriz martxan jartzeko, ikerketa jardueretarako erabiltzea eskaintzeko, eta unibertsitateari horretarako beharrezkoak diren funtsak emateko", esan du Casanovak.

Irakasle talde baten proposamena

"Eusko Jaurlaritzak Marie Curie eraikinaren birmoldaketa iragarri duen arren, ez du haizearen tunelari buruzko azalpenik eman", kritikatu dute, Jaurlaritzak iragarritako asmoen aurrean. "Ez dirudi horretarako planteamendu integrala duenik".

Instalazioak lagatzeko aukerak, ordea, haizearen tunela eta eraikina osorik erabiltzeko EHUko irakasle talde batek 2019an aurkeztutako proposamen batean du bere oinarria. Proiektu horrek inbertsioak, egokitzapenak zein haize-tunelaren erabilera akademiko, sozial eta ekonomiko egokia aurreikusi ditu.

Erlazionatuak

Argia, tunelaren amaieran

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 mar 14 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide