48 milioi euroko galera publikoa ekarri duen Epsilon Euskadi egitasmoaren barruan, Miñaoko Parke Teknologikoan, haizearen tunel bat eraiki zuten 2009. urtean. Espainiako mota horretako azpiegitura komertzial bakarra zen, eta teknologia aurreratuena zuen. "Munduko onena", Joan Villadelprat Epsilon Euskadiko lehendakariaren arabera. Halere, hamarkada bat igaro ostean, 17.000 metro koadroko pabiloi erraldoia abandonatuta dago, eta haizerik ez da sumatzen tunelean.
Epsilon Euskadiren porrotaren ondorioz, administrazioek beren gain hartu behar izan dute azpiegituraren mantenua eta enpresak utzitako zorra. Epeka, 2032. urtera arte, urtero, milioi bat euro ordaindu beharko dute parkeko jabeek: Eusko Jaurlaritzak, Diputazioak eta Gasteizko Udalak.
Pabiloia eta haizearen tunela saltzeko saiakerak egon badira ere, ez dute arrakastarik izan, eta denborak aurrera egin ahala puntako teknologia zaharkitzen ari da. Bada, Gasteizko Ingeniaritza Eskolak irtenbide posible bat proposatu du, hain zuzen unibertsitateak hartzea eraikinaren eta bertan dagoen haizearen tunelaren kudeaketa, eta lan zientifikora, ikerkuntzara eta prestakuntzara bideratzea.
"Haizearen tunelari esker, asmo berrien buru izateko gai izan gaitezke"
Zintzotasunez hitz egin du Xabier Sancho eskolako zuzendariak Arabako Batzar Nagusietan aurkeztu duen proposamenaren inguruan: "Epe motz edo ertain batean ez dugu ekonomikoki bideragarri ikusten haizearen tunela. Izan ere, hala balitz, enpresen eskaintzak egongo ziren, eta ez da hala izan". Bideragarritasuna, beraz, ezagutzaren aldetik ikusten dute Gasteizko Ingeniaritza Eskolako arduradunek. "Unibertsitateak ez du dirurik, baina ezagutza bai, eta eraikinaren erabileraren bitartez, gizartearen eskuetan jarri ahal dugu ezagutza hori". Hala esan du Unai Fernandez Ingeniaritza Nuklearreko irakasleak agerraldian.
Bi milioi euroko inbertsioa
Unibertsitatearen proposamenaren arabera, lau urte eta 2,1 milioi euroko inbertsioa beharko lirateke Miñaoko Marie Curie pabiloia behar berrietara egokitzeko eta haizearen tunela berriro martxan jartzeko. Bertan eskainiko litzateke unibertsitateko maila guztietako –graduak, masterrak, doktoretzak– prestakuntza baita enpresa pribatuek eta erakundeek eskatzen dituzten ikastaro espezifikoak ere. "Eraikina ezin hobeto egokitzen da Eskolaren beharretara: eskolak emateko gelak daude, laborategiak…; gainera, gure lana duintasunez egiteko aukera izango genuke eta haizearen tunelari esker, proiektu berrien buru izateko gai izan gaitezke. Eskola mapan jartzeko balio lezake". Ekaitz Zulueta Sistemen Ingeniaritzako irakasleak azaldu duenez, unibertsitatearen eta parkeko enpresen arteko kolaborazioa sustatzeko ere lagungarri litzateke Ingeniaritza Eskola Miñaon kokatzea.
Bestalde, haizearen tunela berriz martxan jartzeak lan zientifikoa eta ikerketa ildo berriak zabaltzeko balioko duela uste du Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendaritzak. Izan ere, gainera, industria sektoreko enpresei eta erakundeei zerbitzu berriak eskaini ahalko dira: "Gure lurraldean pisu handia duen automozioarekin lotutako enpresek erabili ahalko dute, baita energia berriztagarrien arlokoek ere, aeronautikakoek, ingeniaritza zibilekoek…". Unibertsitateak dagoeneko hainbat kolaborazio esparru zabalik ditu herrialdeko eta nazioarteko konpainiekin, eta egitasmoak aurrera eginez gero, interesatuak egon daitezke.
Dena den, Ingeniaritza Eskolako arduradunek ez dute uste haizearen tunela erabiltzeak errentagarritasun ekonomikoa izan dezakeela epe laburrean, baina "dirua atera ahal bazaio aterako zaio".
Finantzaketa lortzeko aukera
Hortaz, eraikinean beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko, finantzaketa publikoa planteatu du Ingeniaritza Eskolako taldeak, akordio-markoak eginez Euskal Autonomia Erkidegoko eta Espainiako Estatuko administrazioekin, eta ahal den neurrian Europatik etor daitezkeen diru-laguntzak baliatuz, nahiz eta azken hauek lortzeko zailtasun handiak daudela aitortu duten.
Gasteizko Ingeniaritza Eskolako ekipoak hilabete luzeak eman ditu Miñaoko Parke Teknologikoaren haizearen tunela berriz martxan jartzeko proiektua diseinatzen. Zuzendariak azaldu duenez, iragan urteko maiatzean Miñaoko arduradunak harremanetan jarri ziren Eskolarekin, eta ordutik hainbat bilkura izan dituzte. Uztailean aurkeztu zuen proposamena unibertsitateak, eta orduan atzeman zuten parkeko arduradunen kezka, unibertsitateak ezingo zuelako finantzaketaren zati bat bera ere bere gain hartu. "Parkearen aldetik kezka dago, sortzen ari diren gastuei aurre egiteko diru sarrerak lortu behar dituztelako".
Orduz geroztik, EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren zein Arabako Diputazioarekin harremanak izan dira, baina Gasteizko Ingeniaritza Eskolak ez du erantzunik jaso.
Diruaren hotsaGasteizko Merkataritzako lehen epaitegiak Epsilon Euskadi automozio enpresa likidatzea erabaki zuen 2012ko apirilean, diru sarrerarik ez zuelako eta zorrak itota zegoelako. Miñaoko egoitza eta haizearen tunela finantzatzeko hamasei milioi euroko mailegua erdibana eman zioten Epsiloni Vital Kutxak eta Kutxak. Miñaoko parkeko zerbitzu juridikoek aurkako iritzia azaldu arren, Parke Teknologikoak bermea eman zion Epsiloni. Enpresak dirua itzuli ez zuenez, hiru bazkideak pagatzen ari dira zorra, diru publikoarekin. |